Leire Lopez Ziluaga: "Azokek aukera ematen dute gure irakurleak ezagutzeko"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ira. 27a, 10:00

Euskal Herriko beste hainbat argitaletxerekin batera, bere postua du Zarauzko Susa argitaletxeak Literaturiako azokan. Esan daiteke azokaren lehen orduak arrakastatsuak izan direla. Halako hitzorduek argitaletxeentzat duten garrantziaz hitz egin digu Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak.

Susa, Erein, Txalaparta, Maiatz, Elkar eta Ttartalok zein Karrikiri liburu dendak ekarritako argitaletxeek beren postua izango dute gaur eta bihar Literaturiaren azokan. Giro goxoa sortu da karpa zabaldu duten lehen orduetan, eta Zarauzko Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluaga pozik agertu da asteburuak hartu duen itxurarekin.

Zer da argitaletxe batentzat horrelako azoka bat?

Literaturia, orokorrean, beti da momentu oso pozgarria. Guretzat oso inportantea da, irakurleekin egoteko aukera daukagulako, euskara hutsezko azoka delako eta Zarautzen delako. Aurten ez genekien egingo ote zen eta, gauden egoeran, oso pozgarria da egiteko aukera edukitzea.

Guk argitaratzen ditugu liburuak, baina askotan ez daukagu aukerarik irakurleekin aurrez aurre egoteko eta jakiteko zein den gure liburuen hartzaile hori. Horrelako egunak aukera bat dira irakurleekin egoteko, baita beste liburu aurkezpen batzuk entzuteko eta beste liburu batzuen berri izateko ere, noski. 

Nolako itxura du aurtengo azokak?

Ona. Aurten, gainera, karpa jarri dute. Duela bi urte sekulako euri zaparrada egin zuen eta liburu asko galdu ziren. Aurten eskerrak karpa jarri duten, dagoen eguraldiarekin bestela ezingo genukeelako egin. Horrekin oso pozik gaude, aukera dagoelako barruan lasai egoteko. Oraingoz jendea badabil, eta gustura gaude. 

Udazkena garai oparoa izaten da argitaletxeentzat. Zer dator?

Aurreko astean argitaratu genuen Uxue Alberdiren Dendaostekoak lana, eta datorren astean Leire Bilbaoren Etxeko urak poema liburua aurkeztuko dugu. Argitaratzeko dauzkagu Miren Agur Meaberen poema liburu bat eta Kattalin Minerren nobela bat, eta bestelako bildumetan ere badira argitalpen berriak. Lisipen, esaterako, Marina Sagastizabalen Hiruki gatazkatsua argitaratuko da, MPKn [Munduko Poesia Kaierak] Raymond Carverren eta May Ayim poeta afroalemaniarraren bi bilduma eta Ganbila antzerki bilduman, berriz, Erika Olaizolaren Panpina, Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturberen lanen bilduma bat eta Sarah Kane antzerkigile ingelesaren lan bat. Oraingo honetan, egile ia guztiak emakumeak dira. Denak, Raymond Carver izan ezik. Pozik egoteko moduko albistea da hori ere.