Urte amaierarako eraitsiko dute Putzuzulo gaztetxea

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 20a, 17:12
Obra hondakinez inguratuta dago Putzuzulo. (Amaia Urbieta Arruti)

Data zehatzik ez dagoen arren, gaztetxeko kideek adierazi dute "edozein unetan" bota dezaketela Putzuzulo Amets Fabrika, eta oraindik beste gunerik ziurtatuta ez dutela salatu dute. Herritarrei informazio xeheagoa emateko batzarrak egingo dituzte igandean.

Sare sozialen bidez zabaldutako idazki batean jakinarazi du berria Xakela asanbladak: Putzuzulo gaztetxea urtearen amaieran botako dute. Duela hamabost urte okupatu zuten herriko hainbat gaztek Textil Guipuzcona izandako fabrika; ordutik, kulturgunea eta herritarrak antolatzeko zein formakuntzarako gunea izan da Putzuzulo gaztetxea. Gune horretan etxebizitzak eraikitzeko plana dela eta, ordea, eraitsi egingo dute eraikina. Aspaldi jarri zuten abian Salberdinen etxebizitzak eraikitzeko plana, eta, oharrean adierazi duten moduan, 2019ko udaberrian azkartzen hasi ziren eraiste eta eraikitze lanak. "2019ko uztailaren 10ean sinatu zuen alkateak [Xabier Txurrukak] Textil Guipuzcoana eraikina eraisteko baimena", adierazi dute oharrean. Hala, uztailean gaztetxearen inguruko eraikin guztiak bota zituzten eta, harrezkero, obra hondakinen arteko irla modukoa izan da Putzuzuloren eraikina. "Gero eta gertuago sumatzen genuen desalojoa", diote oharrean. Bolada horretan ekin zioten Xakela asanbladako kideek Gaztetxiakin Ze!? kanpainari, gaztetxearen egoeraren berri eman eta alternatiben bidea jorratzen hasteko.

Xakelak adierazi du hasiera batean Putzuzulo "2022ko udaberrian" desalojatzekotan zirela, "alkatearen esanetan". Dena den, data hori aldatu egin zen. "Gaztetxe bilakatzeko espazio desberdinen proposamenak mahai gainean jarri bai, baina aterabide zehatz eta argirik esku artean ez genuenean, atzera kontuari epemuga berria jarri zioten bat-batean: promotoreek Putzuzulo urte honen amaieran eraitsi nahi dutela jakinarazi zigun alkateak, eta baimena sinatuta dagoela gogorarazi".

Gaztetxekoen esanetan, beraz, "edozein unetan" bota dezakete Putzuzulo Amets Fabrika, eta, "oraindik beste espaziorik ziurtatuta ez" dutenez, "Zarautz gaztetxerik gabe" geratuko litzateke. Xakela asanbladaren aburuz gaztetxea "ezinbesteko aterpe eta etxea da hainbat eta hainbat proiektu eta eragilerentzat". Hori dela eta, mezu irmoa zabaldu dute: "Egin beharreko guztia egingo dugu hori guztia ahalbidetzen digun espazio bat izaten jarraitzeko" (...) "Ozen diogu: ez gara Putzuzulotik joango beste gune bat ziurtatuta izan arte".

Batzar informatiboa

Oharrean zabaldutakoa eta gaztetxearen inguruko informazio orokorra herritarrei helarazteko bilera informatiboa antolatu dute gaztetxeko kideek igande honetarako. Herritarrengan kontzientzia piztea dute xede eta, horretarako, bi saio eskainiko dituzte; bata 11:00etan eta bestea 17:00etan.

Bide batez, begirada Zarauztik kanpo jarri eta "babes osoa" adierazi nahi izan diete desalojo arriskuan dauden gaztetxe eta gune okupatu guztiei, Bilboko Etxarri II gaztetxea, Tolosako Ezpala eta Legutioko Desjabetuon Hotela kasu.