"Denboraldi honetan zerbait falta izan zait kirol aldetik"

Mireia Galarza 2020ko urr. 21a, 09:30
(Mireia Galarza)

Lau urtez Orio Arraunketa Elkartean patroi izan ostean, Santurtzira (Bizkaia) joateko erabakia hartu berri du Aranberrik. Erabaki "onena" hartu duela uste du zarauztarrak.

Gorka Aranberrik (Zarautz,1987) ibilbide luzea du arraunaren munduan. Bere sorterrian, Zarautzen, hasi zen kirol horretan, 2000. urtean, 13 urte zituela. Handik Bermeora (Bizkaia) joan zen, Urdaibaira, eta sei urte egin zituen bertan. Etxe ingurura etorri zen berriro 2017an, Oriora,  eta orain, zenbait helburu tarteko, Santurtzira joango da.

Zarautzen hasi zenuen zure arraun ibilbidea. Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek?

Oso gaztea nintzela hasi nintzen, eta esponja baten moduan, egunero ikasten nuen zerbait arraunean. Gainera, Zarauzko herriarentzat oso urte onak izan ziren ni ibili nintzenak. Traineruan 2003. urtean hasi nintzen, kadete mailan, eta zaila izaten bada ere, titular izateko aukera eman zidaten. Egia esan, oso eskertuta sentitzen naiz aukera hori eman zidatelako. Orain, Zarautz dagoen lekuan dagoela ikusita, taldeko kideetan islatuta sentitzen naiz. Egia esan, oso talde gaztea dute, eta gu ere hala ginen. Gazte horiek oso onak dira, eta mailari eusten lagundu dute, guk hasiera batean lortu ez genuena. Aurten, nire ustez, denboraldi ederra egin dute. Ez zuten play offetatik libratzea lortu, baina duten mailarekin, hurrengo urtean ere lehen mailan jarraitzeko moduan daudela erakutsi dute.

Azkenengo lau urteak Orion igaro dituzu.

Urdaibai taldean pasatako urteen ondoren, erosotasuna bilatzen nuen arraunean. Izan ere, ezkondu nintzen ordurako, eta momentu horretan ez nuen bideragarria ikusten alde batetik bestera mugitzen ibiltzea. Orduan, aukera sortu zitzaidan Oriora joan eta bertan patroi izateko, Jon Salsamendi [Urdaibaiko entrenatzailea] ere Oriora joan baitzen. Ni talde horretan izatea nahi zuela esan zidan, eta talde indartsu bat etxetik gertu izateak asko lagundu zidanez, aukera paregabea iruditu zitzaidan arraun ibilbidearekin jarraitzeko. Beraz, onartu egin nuen proposamena.

Zer-nolako balorazioa egiten duzu Orion egindako denboraldiez?

Lau urte hauetan lortutakoarekin oso gustura nagoela aitortu behar dut, Orio historikoki  beti izan baita garaipen gehien lortu dituen herria. Ziur nago, gainera, ia arraunlari guztiei gustatuko litzaiekeela Orioko arraunlari izatea. Kontxa irabazi genuen 2017an eta Eusko Label Liga 2019an, eta estropada garrantzitsu asko ere irabazi genituen. Harrotasun handiarekin begiratzen diet Orion emandako lau urteei. Herria ere asko inplikatzen da taldearekin: edozer irabazita ere, plaza beti betetzen da, eta ongietorriak oso ikusgarriak dira. Betirako grabatuta geratzen diren momentuak dira.

Jon Salsamendirekin urte batzuk igaro dituzu. Zer esan nahi du berak zuretzat?

Oso harreman ona daukagu, bai kirol arloan, bai bizitza pertsonalean. Badakit edozein gairi buruz hitz egin dezakegula elkarrekin edozein momentutan; eta, alderantziz, berak ere badaki ni laguntzeko prest egongo naizela berak behar duen edozertan. Urdaibaira salto egin nuenean, punta-puntako profesional bat izan nuen entrenatzaile, Jose Manuel Francisco, baina Salsamendirekin irabazi ditut nik orain arte irabazi ditudan estropada garrantzitsuenak. Oso urte oparoak izan ziren Urdaibaikoak eta Oriokoak. Gainera, kanpotik ere ikasten jarraitzeko moduko entrenatzailea da Salsamendi.

Orion egin duzun azken urtean koronabirusa iritsi da. Nola eragin du osasun larrialdiak taldean?

Konfinatuta nengoenean ez zitzaidan iruditzen hainbeste eragin zezakeenik gaitzak, baina ondoren konturatu naiz pandemiak izandako eraginaz. Ohituta nago bakarrik entrenatzen, eta konfinamenduan nahiko gustura aritu nintzen horrela entrenatzen. Ondorengoa izan da gogorra, konfinamenduko hutsune horiek denboraldian zehar nabaritu baititugu; konfiantza falta antzeman dugu gehienbat. Aurreko urtean konfiantza soberan geneukan, eta estropadak nahigabe ateratzen zitzaizkigun, baina aurten zerbait gehiago behar genuen. Baliteke hiru hilabeteko hutsuneak baldintzatu izana aurtengo gure denboraldia. Hala ere, talde guztiei eragin die gaitzak, eta ezin dugu pisu guztia horren gainean jarri.

Orain Santurtzira zoaz. Zaila izan al da erabakia hartzea?

Bai, oso zaila. Erabakia hartzea  askoz gehiago kostatzen da taldean gustura bazaude, nire kasuan bezala. Hala ere, guztia ez da etxetik gertu egotea edo lagunarte ona izatea. Aurtengo denboraldian zerbait falta izan zait kirol aldetik, eta Santurtzi bezalako talde indartsu batera joateko aukera izan dudanez, pausoa ematea erabaki dut. Buelta asko eman dizkiot gaiari, baina hurrengo urteari begiratuz gero, erabaki onena hartu dudala iruditzen zait.

Zer helburu dituzu etapa berriari begira?

Zerotik hasiko gara, baina ilusioz nago, eta faktore hori garrantzitsua dela iruditzen zait. Izan ere, Santurtziko arraunlari asko ezagutzen ditut aurretik, baita entrenatzailea ere. Liga irabazi du Santurtzik aurten, eta taldea ere, hiru arraunlari garrantzitsuren bajak kenduta, mantendu egingo da. Etxe guztietako arraunlari onenek osatzen dute taldea, eta ahalik eta gehien lortzen saiatuko gara.

Behin galdetzen hasita, hasi zinen lekura, Zarautzera, itzultzeko asmorik?

Bai, pasatu izan zait burutik. 33 urterekin gazte sentitzen naiz, eta nik daukadan maila beste taldeetan emateko gai ikusten naiz oraindik. Hala ere, urtez urte begiratzen duen horietakoa naiz; beraz, ikusiko dugu.