Pandemiaren ahotsak

Pablo Alkorta: "Etxekoengatik kezkatu nintzen hasieran, baina ondo gaude denok"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 28a, 10:00
Ezkerretik eskuinera: Jon Ander Arenas zarauztarra, Angel Guevara bilbotarra eta Pablo Alkorta zarauztarra. (Utzitakoa)

Turismo digitala ikasten ari da Pablo Alkorta (Zarautz, 2000) Bartzelonako Unibertsitatean. Bartzelonako ikasle pisuan konfinatuta igaro dituzte azken zazpi egunak berak eta bere pisukideek, hirurek PCR proban positibo eman ostean.

Hasteko, zer moduz zaude? 

Ondo. Ni eta nire pisukideak, ondo gaude hirurok. 

Noiz jakin zenuen koronabirusa zenuela?

Tira, prozesua arraro samarra izan zen. Nire bi pisukideak odontologia ikasten ari dira, eta justu birusaren oldarraldi bat egon zen beren fakultatean. Hori dela eta, astebete inguru egon ginen etxean konfinatuta, badaezpada. Une hartan ez genekien koronabirusik genuen edo ez. Gero test azkarra egin ziguten; bik negatibo eman genuen eta bati atera zitzaion antigorputzak zituela. Suertatu zen hurrengo asteburuan zetorrela pisukide baten neskalaguna etxera, eta ni Zarautzera itzuli nintzen, bisitan. Hurrengo astean, itzuli nintzenean, pisukidearen neskak positibo eman zuen. Berriro ere konfinatu ginen hiru pisukideok, proba egin ziguten berriro, eta orduan eman genuen positibo hirurok. 

Sintomarik izan al duzue?

Ez, ezer ez, hirurok egon gara ondo. Koronabirusa izan duten ingurukoek esan diete lagunei nekea zutela, eztarriko mina eta eztula... gu hirurok ondo egon gara.

Zalantzak dituzue zuen proben emaitzen inguruan?

Bai, esaten genuen ez zela normala. PCRa egin genuen ostegunean, eta emaitzak astelehenean ematen zizkiguten. Mordoa tardatu zuten proba egitetik erantzuna ematera. Bartzelonan jendea falta zaie administrazioan, deiak egiteko eta antolatzeko. Aplikazio batean sartzen dituzu zure Gizarte Segurantzako datuak eta hortik bideratzen dute dena. Gu ez gaudenez bertan erroldatuta ezin genuen bide horretatik jo, orduan, asko itxaron behar izan genuen emaitza eduki arte. 

Nik PCRa egin nuenetik positiboa nintzela jakin nuen arte ia bost egun igaro ziren, eta kuadrillakoekin azken aldiz egon nintzen ostegun horren aurreko asteartean. Astebete igaro zen jakin nuenerako, eta horrek uzten zaitu nola jokatu ez dakizula. Esan ziguten PCR horien fidagarritasuna %70ekoa zela. 

Zortekoa sentitzen zara koronabirusa pasatzea egokitu zaizun moduagatik?

Bai, nahikoa ondo egokitu zaigu. Hirurok gaude honetan, beraz, pasatu eta listo. Nire pisukideak etxean egon ziren aurreko astean ere, ni izan nintzen etxetik atera nintzen bakarra, orduan, kezka hori baneukan, batenbati kutsatu ote nion... Zorionez, ondo daude denak. Amona, aita, izeba... beraiek kezkatzen ninduten, baina orain lasai nago.

Klasera joateko nola moldatzen zarete?

Oraintsu oldarraldi dezente agertu dira, beraz, urria amaitu arte klaseak online izango direla esan digute. Unibertsitateetan nahiko ondo antolatzen ari dira, gelak taldetan banatzen dituzte eta txandaka egiten dituzte aurrez aurreko klaseak. Nirean, esaterako, izena eman behar dugu aurrez aurreko klasera joan ahal izateko, irakasleak kontrol handiagoa izan dezan. Esaten digute joateko klasera ahalik eta gehien. Neurri asko hartu dituzte, klaseak seguruak dira eta batenbatek positibo emanez gero suposatzen da besteok ez dugula arriskuzko kontakturik izan pertsona horrekin.