Plastiko birziklatuarekin egindako kirol instalazioa aurkeztu dute

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 28a, 13:39
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia eta IƱigo Isasti Jolaseko proiektu burua, instalazioa erabiltzen. (Amaia Urbieta Arruti)

Vista Alegre auzoan dago gunea, Torreoira bideko parkean. Iñigo Isasti Jolaseko proiektu buruaren esanetan, "oso mantenu gutxi" eskatzen duen materiala da plastiko birziklatua.

Vista Alegre auzoaren goialdeko parkean egokitu zuten gunea otsailean, baina, konfinamendua tarteko, ez dute aurkeztu gaur arte. Zarauzko Jolas enpresak egin du instalazioa eta bertako proiektu buru Iñigo Isastik azaldu duenez, birziklatutako plastikoz egindako gunea da, %100ean.

Ekonomia zirkularraren aldeko apustu sendoa egiten dutela azpimarratu du Isastik, hau da, plastikozko ontzien hondakinak lehengai bihurtzen dituzte, eta material horrekin jolas parkeak edota hiri altzariak egiten dituzte. Aurkeztu berri duten instalazioa birziklatutako ia 500 kilo plastikorekin egina dago, eta bere biziraupena amaitzen denean ere birziklagarria da. "Jasangarritasuna, klima aldaketa eta horiek kontuan edukita ari gara gure konponbideak eskaintzen udalei, aldundiei, eskolei edota interesa eduki dezaketenei", jakitera eman du Isastik. Horrez gain, Jolas enpresako ordezkariaren arabera, "oso mantenu lan gutxi" behar du plastiko birziklatuak beste material batzuekin alderatuta; zehaztu du 20-25 urte iraun dezakeela kirol gune horrek ia mantenu beharrik gabe. Vista Alegrekoa ez da plastiko birziklatuarekin Zarautzen egiten duten lehen proiektua. Iñurritza auzoko Bertsolarien plazako parkea eta Vista Alegreko Orkolaga plazakoa ere modu berdinean egin zituzten. Gainera, oraindik proiektu zehatzik ez dagoen arren, mahai gainean daude material horrekin aisialdirako gune gehiago sortzeko ideiak.

Isastik eskerrak eman dizkio udalari herriko enpresei bultzada ematearren, eta udala ordezkatzen prentsaurrekoan izan den Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak nabarmendu du garai honetarako "oso aproposa" gerta daitekeela gunea. "Herritik hurbil dago, eta kirola egitea gustuko dutenentzat egokia da, orain espazio itxietan gero eta oztopo gehiago daudelako horretarako", zehaztu du zinegotziak. Eraztun Berde Urdinaren barruan dagoenez, ingurumena nahiz osasuna sustatzeko baliagarria da espazioa Vazquezen ustez. Balioan jarri du Jolas enpresak ingurumenaren alde egindako apustua ere, izan ere, "etorkizuna ildo horretatik" eraiki behar dela garbi dauka zinegotziak.

Ohartarazi du derrigorrezkoa dela maskara erabiltzea instalazioak erabili bitartean, eta beharrezkoa dela eskuak desinfektatzea jarduera hasi aurretik eta bukatutakoan. Amaitzeko, zinegotziak zarauztar guztiak gonbidatu ditu kirolerako gune berria probatzera.