Zarauzko Udalak pabiloi bat erosiko du Gaztetxe berria kokatzeko

Onintza Lete Arrieta-Gorka Eizagirre 2020ko aza. 5a, 19:20

Salberdingo hirigintza proiektuak aurrera darrai, eta epe ertainean bota egingo dute Putzuzulo gaztetxea. Horregatik, hainbat bilera egin dituzte Udalak eta gaztetxeko asanbladak, eta Xabier Txurrukak jakinarazi berri du datorren astean lehiaketa publikoa abiatuko dutela. Hegoalden pabiloiak dituzten jabeek hartu ahalko dute parte lehiaketan, eta udalak erosi egingo du baldintzak betetzen dituen lokala topatuz gero.  

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak prentsaurrekoa eman du gaur arratsaldean udalbatzar aretoan, eta bertan Salberdingo hirigintza proiektua izan du hizpide eta, bereziki, Gaztetxea. Oraingoa kokatuta dagoen eraikina bota aurretik berria erosi nahi du Udalak, eta horri buruzko xehetasunak eman ditu (ikus bideoa).

Ebro Etxeaz eta Aldapetako etxebizitzez ere egin ditu adierazpenak alkateak.

Bestalde, oraingoz adierazpenik ez du egin gaiari buruz gaztetxeko asanbladak.

Hain justu, oraintxe bete ditu hamabost urte Putzuzulok. Irakur hemen urteurrenaren harira HITZAk egindako erreportajea.