Ordutegi aldaketa izango da Modeloko ikuskizunetan

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 9a, 14:30
(Zarauzko Udala)

20:00etan hasi beharrean, 19:00etan hasiko dira azaroko eta abenduko hainbat emanaldi.

Eusko Jaurlaritzak aurreko astean ezarri zituen neurri berrien barruan, 21:00etan amaitu beharko dira kultura ekimenak. Hori dela eta, aldaketak izango dira azaroan eta abenduan Modelon egitekoak diren zenbait kultura jardueratan. Hain zuzen, ordutegia moldatu eta, 20:00etan hasi beharrean, 19:00etan hasiko dira hainbat ikuskizun.

Ondoko emanaldietan izango da ordutegi aldaketa hori:

  • Ni munduko txarrena antzezlana. Azaroak 13.
  • Txor-txor bakarrizketa umoretsua. Azaroak 20.
  • Erradikalak ginen antzezlana. Azaroak 25.
  • Nahi dugu hitz eta jolas bertso-saio tematikoa. Azaroak 27.
  • Loreak eta zauriak kontzertua. Abenduak 4.
  • Iparragirre, ene bihotzeko Jose Mari kontzertu eszenikoa. Abenduak 18.
  • Ene ba! antzezlana. Abenduak 23.

Salgai daude jada ikuskizun bakoitzerako sarrerak, tickets.kutxabank.es plataforman. Dena den, dagoeneko sarrera erosi dutenek baina ordutegi aldaketaren eraginez bertaratu ezingo dutenek, dirua bueltan jasotzeko aukera izango dute. Horretarako, mezu bat bidali beharko dute kultura@zarautz.eus helbidera, izen-abizenak eta erositako txartelen bidez esleitu zaizkien eserlekuak zehaztuz.

Bestalde, Kultura Sailak gogorarazi du oraindik eskatu daitekeela udaberrian bertan behera geratu ziren kultura ekimenetarako sarreren dirua. Azaroaren 13ra arte itzuliko da txartelen zenbatekoa Sanz Enean, baina egun horretatik aurrera, ezingo da dirua bueltan eskatu.

Erlazionatuak

Udazken koloreak oholtza eta koadroetan

Dorleta Agiriano Lai 2020 ira 30 Zarautz