Oskar Mutiozabal 'Txabillo' hil da, Zarauzko erraldoien arduraduna

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 16a, 08:46

Oskar eta Jose Mutiozabal aita-semeak, 'txabillotarrak'. Otsailean zendu zen aita, Pepe Txabillo. (Amaia Urbieta Arruti)

Bere aita aurretik izan bezala, herriko erraldoi eta buruhandien arduradun izan da azken urteetan Oskar Txabillo. Otsailean zendu zen aita, Pepe Txabillo. 2018ko sanpelaioetan, hain zuzen, erraldoien eta buruhandien taldea omendu zuten elkarte gastronomikoek.

Atzo zendu zen Oskar Mutiozabal Txabillo, 50 urte zituela. Herriko festak girotzeaz arduratu izan da Txabillo ume-umetatik, haren aitaren urratsei jarraika. Otsailean zendu zen aita, Pepe Txabillo

Hamazazpi urte zituenean hartu zuen Oskar Txabillok buruhandia lehenengo aldiz sorbalda gainean. Handik gutxira, taldeko arduradun egin zen, eta hala izaten jarraitu du harrezkero. 2018ko sanpelaioetan aitortza jaso zuen: elkarte gastronomikoek erraldoien eta buruhandien taldea omendu zuten ekainaren 25eko gauean egin ohi den ekitaldian. Ohorezko makila, berriz, haren aitari eman zion Xabier Txurrukak. Hain zuzen ere, urte hartan bertan HITZAk txabillotarren jarduna azaltzen zuen erreportajea egin zuen. Hemen dago irakurgai. Alkateak gogoan izan zuen atzo Mutiozabal sare sozialetan. "Bihotz minez, agur Oskar", mezuarekin batera, sanpelaioetako suziriaren irudia jarri zuen. 

Txabillori azken agurra emateko hileta elizkizuna gaur izango da, zazpietan Andra Mari Zeruratzea parroki elizan. Gaur egungo edukiera murrizketak direla eta, eliza barruan egon daitekeen jende kopurua mugatua izango da. 

Erlazionatuak

Festak erraldoi bihurtzen

Amaia Urbieta Arruti 2018 eka 21 Zarautz