"Eskubide politiko eta zibilen defentsan" mobilizatu dira Zarautzen ere

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 22a, 10:33

Atzo mobilizatzera dei egin zuen Gazte Koordinadora Sozialistak, Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu kanpainaren barruan. COVID-19aren testuinguruan "totalitarismo berria" ezarri dutela salatu eta, seinalatu zuten, "estatu poliziala" "pandemiari aurre egiteko neurri eraginkor eta nahitaezko bezala mozorrotzen" dutela, "osasun-sistema unibertsal eta indartsu baten beharra ezkutatuz". Bestalde, "antolakuntza komunista" aldarrikatu zuten "segurtasunaren, askatasun politikoen eta ongizatearen berme erreal bakar" gisa.

Aurrera doa Gazte Koordinadora Sozialistak bigarren alarma egoeran martxan jarritako kanpaina, Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu. Atzo ere hainbat mobilizazio izan ziren Euskal Herrian barrena, tartean, Zarautzen. Iluntzean izan zen elkarretaratzea Lege Zaharren Enparantzan.

"Aterabide faltsua"

Pandemiaren harira, mendebaldeko estatuek "totalitarismo berri bat" ezarri dutela salatu zuten protestan GKSko kideek. Hala, COVID-19ari aurre egiteko martxan jarri duten "aterabidea", "salbuespen politikak eta estatu poliziala ezartzea" izan dela kritikatu zuten: "Zer da aterabide polizial honek ezkutatzen duena? Alde batetik, estatu poliziala pandemiari aurre egiteko neurri eraginkor eta nahitaezko bezala mozorrotzen dute, osasun-sistema unibertsal eta indartsu baten beharra ezkutatuz eta, bestetik, estatu polizialak sortu duen salbuespen egoera aprobetxatuz, korporazio finantzario handien mesederako aldaketa estrategikoak egiten ari dira".

Testuinguru horretan, "politika ekonomiko agresiboak" ezartzen ari direla azpimarratu zuen GKSk. Horren adibide modura aipatu zuten, esaterako, "zaharkitutako ekoizpen eremuak ezabatzen" ari direla edota "egitura produktiboa robotizatuko" dutela "langile asko beraien lanpostuetatik kanporatuz". "Horrek guztiak kale mailan utziko dituen ondorioak begi bistan daude: jende askoren pobrezia areagotzen ari da, eskubide zibil ugari bertan behera utzi dituzte, antolakuntza politikorako baldintzak ezabatu dizkigute, gazteriaren eta sektore proletarizatuen kriminalizazio sistematikoa egiten dute...".

Osasuna ezbaian

"Europako estatu askok potentzia ekonomiko zentral izateari utzi diote edota uzten ari dira" GKSko kideen esanetan, eta nabarmendu zuten horrek "lotura zuzena" duela "pandemiaren gaineko kudeaketan". Hala, "logika eta arau kapitalisten baitan", "osasun-sistema indartsua edukitzeko gaitasuna" eta "estatu baten egoera ekonomikoa" lotuta daudela azpimarratu zuten. "Pandemiari aurre egiteko beharrezkoa da gizartea epidemiologikoki babestea eta osasun-baliabideak indartzea".

Dena den, Mendebaldeko estatuek nahiz "oligarkia finantzarioek", "osasun-sistema indartzeko borondate falta" erakutsi dutela zioen GKSk. "Kapitalisten ikuspuntutik, inproduktiboa da esparru horietan inbertitzea. Soilik milioika euro irabaztea ahalbidetuko dien inbertsioak egiten dituzte, adibidez, txertoaren komertzializazioan".

"Berme erreal bakarra"

"Alderdi politiko instituzional guztiek", baina, "salbuespen politikak onartu" dituztela salatu zuen GKSk. "Masa zabalen antolakuntza komunista indartsua izango da gure segurtasunaren, askatasun politikoaren eta ongizatearen berme erreal bakarra", esan zuten azkenik.