%40 igo da Zarauzkohitza.eus-en bisita kopurua 2020an

Zarauzko Hitza 2021ko urt. 6a, 12:32

2019ko datuekin konparatuta, pasa den urtean nabarmen egin du gora Zarauzkohitza.eus webguneak izandako bisita kopuruak.

Ez da urte erraza izan atzean utzitako 2020a. Izan ere, koronabirusaren pandemiak bete-betean jo du Zarautz ere, eta horren lekuko izan da Zarauzkohitza.eus ataria. Egoerak erabat baldintzatu du Zarauzko Hitzaren jarduna ere, baina informazio jarioak ez du etenik izan urte osoan, eta tokiko informazioaren garrantzia agerian gelditu da beste behin. Horren erakusle dira 2020an Zarauzkohitza.eus-ek izan dituen datuak.

Azken ia urtebetean koronabirusak hartu du informazio edukien erdigunea, eta birus horrek markatu du agenda ere. Dena den, bestelako eduki ugari sortu zuen Zarauzko Hitzak iaz, eta herritarren erantzuna ezin hobea izan da. Hain zuzen ere, gora egin dute Zarauzkohitza.eus-eko datu guztiek, hala nola bisitek, bisitatutako orrialde kopuruek, sortutako edukiek nahiz erabiltzaileen zenbatekoek. Joan zen abenduaren 31n publikatu zuen atari honek 2020ko albiste bisitatuenen zerrenda.

2019an ere datu onak izan zituen Zarauzkohitza.eus-ek, baina aise gainditu ditu zifra horiek 2020an: 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 823.163  bisita izan ditu webguneak, Google Analytics neurgailuaren arabera; 2019 guztian, berriz, 491.913 bisita. Horrek esan nahi duena da azken urtebetean %40,24 hazi dela bisiten kopurua Herritarrek Zarauzkohitzaa.eus-en zabaldutako orrien kopuruak ere nabarmen egin du gora: 2019an 978.884 orri eta 1.736.644 orri 2020an. Erabiltzaileek, batez beste, egunean 01:56 minutu igaro zituzten webgunean iaz, eta 2019an, berriz, 01:44.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabideen datuak ere ez dira makalak. Taldearen webguneetan hainbat eta hainbat erabiltzaile sartu ziren 2020an: orotara, taldea osatzen duten sei webguneek –Karkara, Baleike, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– 9.239.730 bisita izan zituzten iaz.