Hotz Zarautzen bigarren eskuko denda, asteartera arte zabalik

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 8a, 17:35

Errege bezpera izan zuen azken eguna berez Ipar kaleko dendak, baina egun gehiagoz egongo da zabalik azkenean. Goizez bakarrik, hori bai. Bestalde, pezetak jasotzeko kanpaina ere abian du elkarteak, eta horiek Zabalegi dendan jasoko dituzte hemendik aurrera.

Azken urteetan, Gabonen bueltan beti zabaldu izan du Hotz Zarautzek bigarren eskuko denda, errefuxiatuei laguntzeko dirua biltzeko. Aurten, pandemiagatik zalantza asko eduki ondoren, Ipar kalean eduki dute denda, Errege bezperara arte. Azkenean, ordea, erabaki dute beste egun batzuez ere zabaltzea denda, eta hala, gaurtik asteartera irekita egongo da. Goizetan egongo da zabalik.

Elkarteko kideek azaldu dute, bestalde, martxan dela pezetak biltzeko kanpaina. Horiek ere dendan ari dira jasotzen, baina datorren astetik aurrera beste toki batera eraman beharko dituzte herritarrek dohaintzan eman nahi dituzten txanpon nahiz billeteak: Kale Nagusiko Zabalegi dendara, hain zuzen. 

Zarauzko Hitza joan den astean bertaratu zen Hotz Zarautzen dendara, eta orduan salmentekin gustura agertu ziren Josune Gorostidi eta Gurutze Agirre taldekideak. Hemen erreportajea irakurgai, baita argazki bilduma ere.