Itxasmendiko haur jolas parkea berritzen ari dira

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 23a, 09:00

(Zarauzko Udala)

Birziklatutako plastikoarekin osatutako haur parke berria ari dira jartzen Itxasmendin. Auzo elkarteak eskatu zuen gunea berritzeko, Iban San Martin zinegotziak azaldu duenez.

Itxasmendiko haur jolas parkea berritzeko lanak jarri ditu martxan Zarauzko Udalak. Atzo ekin zioten obrari, eta udalaren aurreikuspena da hurrengo astearterako, urtarrilak 26, amaitzea. Hala, birziklatutako plastikoarekin osatutako parkea izango da Itxasmendin aurrerantzean.

Iban San Martin Obra Txikiak eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, Itxasmendiko auzo elkarteak eskatu zuen parkea berritzea: "Egoera kaxkarrean zegoen, eta berritzea beharrezkoa zen. Azken urteetan konponketa txikiak egin ditugu, baina parkea berritzeko une aproposa zela ikusi genuen".

Udalak 18.132,82 euroko inbertsioa egin du lan horietarako, eta Jolas - Electro Talleres Zarautz S.A. Zarauzko enpresa arduratu da gauzatzeaz.

Zarauzko Udalak atzo onartu zuen 2021erako aurrekontua, eta San Martinen esanetan, haur jolas parkeak egokitzen jarraitzeko partida bat ere aurreikusi dute. Azken urteetan, besteak beste, Pilartxoeneakoa, Mitxelenakoa eta Salbidekoa berritu dituzte.