Mendi margolariari egindako omenaldiak Merkatu Plazako horman jarraitzen du

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 23a, 09:41

Dozenaka margolan txikik osatzen dute margolariaren omenezko lana (Onintza Lete Arrieta)

Artezaleak elkartekoek Gabonetan eskegi zuten lana berdura plazako erakusketa aretoko horma nagusian, eta oraingoz hantxe gelditu da. Hala, oraindik lana ikusi ez dutenek, aukera dute pinturako ikasle taldeak eta horien irakasle Manu Muniategiandikoetxeak egindako collagea bertatik bertara ikusteko.

Asteburu honetan Merkatu Plazako bigarren solairura gerturatzen denak Zubiak eraikitzen izeneko argazki erakusketa aurkituko du. Ordea, horma nagusian erakusketa horretakoa ez den beste lan bat dago eskegita: Juan Luis Mendizabal Mendi margolariaren oroimenez Artezaleak elkartekoek egindako collage handi eta ikusgarria, hain zuzen.

Gabonetako erakusketarako prestatu zuten Manu Muniategiandikoetxea irakasleak eta haren pinturako ikasleek, dozenaka margolan txiki elkartuz osatuta. Mendik hondartza, itsasoa, Getariako San Anton mendia... islatzen zituen sarri bere lanetan, eta asko du hortik haren omenez egindako lanak ere.

Otsaila gerturatzen ari den honetan, berdura plazako horman jarraitzen du, erakusketa aretoko protagonista nagusi.