Conchi Gonzalezen hilketa matxista salatu dute dozenaka herritarrek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 14a, 13:38

Lege Zaharren Enparantzan egin dute elkarretaratzea Sestaon (Bizkaia) jazotako hilketa salatzeko. Gogoan izan dituzte, atzo izan zen Torturaren Aurkako Egunaren harira, "polizia etxeetan indarkeria eta tortura matxista jasan duten emakumeak".

Herenegun Sestaon (Bizkaia) jazotako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute dozenaka herritarrek gaur goizean. 56 urteko Conchi Gonzalez hil zuten duela bi egun Bizkaiko herri horretan, eta Ertzaintzaren hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako azalpenen arabera, 57 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten herenegun goizaldean Bilboko itsasadarrean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten emakumearen gorpua etxean, indarkeria zantzuekin. Zabalik dago oraindik ikerketa, baina lehen hipotesien arabera, Ertzaintzak uste du gizonak hil zuela emaztea, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela.

"Hiru aste besterik ez dira igaro, eta hemen gaude berriro hilketa matxista bat salatzen", hasi du hitzartzea Zarauzko Koordinadora Feministako kide batek, urtarrileko Aizarnazabalgo hilketari erreferentzia egiten. "Aski da!", aldarrikatu du ozen jarraian.

Horrez gain, Atzo Torturaren Aurkako Eguna izan zen eta, horren harira, gogoan izan dituzte elkarretaratzean "polizia etxeetan indarkeria eta tortura matxista jasan duten emakumeak". Bestetik, Martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, egingo dituzten deialdietara batzeko gonbita luzatu dute.