Pandemiaren ahotsak

Nerabezaroa ezbaian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 4a, 08:29
Hainbat nerabe Zarauzko Gaztelekuan.

Nerabezaroak berekin dakartza hamaika bizipen: kalean lagunekin ordu amaigabeak partekatzea, gauza berriak probatzea, jende berria ezagutzea... Oraingo nerabeen kasuan, ordea, pandemia eta hamaika aldaketa bortitz ekarri ditu nerabetasunak. Gazteek orain arte ezagutu duten egunerokoa ere hankaz gora jarri du COVID-19ak, haien bizitzetako aro berri baten atarian dauden honetan. ZARAUZKO HITZA Gaztelekuan bildu da hainbat neraberekin, eta hainbat ertzetatik erreparatu diote azkeneko urteari eta egungo egoerari, pandemiak izan dituen eraginen inguruan hitz egiteko.

Trantsizio une bat omen da nerabezaroa. Erdibide baten gisan irudikatzen da maiz, haurtzarotik gaztarora igarotzeko efemeride ero baten gisan. Batzuei pandemia baten erdian egokitu zaie bide hori egitea. Zalantzaz jositako egoera batean, nerabeek neurrigabe ikusi dituzte aldatzen askotariko helduek haiei helarazitako ohiturak, eta neurrigabe eraldatzen helduek izan dituzten baldintzak. Neurrigabe aldatzen helduek utzitako mundua.

Nerabeek, baina, nola bizi izan dute COVID-19ak zeharo baldintzatutako azkeneko urte hau? Nola bizi dituzte gaur egungo garai nahasiak eta etengabeko aldaketa bortitzak? Zein dira, pandemiaren eraginez, haien egunerokoan nabarmendu diren aldaketak? Egoera berri honetan ere badute zeresana gazteek, eta Zarauzko Gaztelekuan elkartu ohi diren hainbat neraberekin hitz egin du ZARAUZKO HITZAk.

Lokarriak

Urtebete igaro da COVID-19a gurean ere hedatu zenetik, eta laster beteko da urtebete konfinamendu orokorra indarrean sartu zenetik. Eskolak itxita, online klaseak, lagunekin eta senide ugarirekin egoteko aukerarik ez, eskolaz kanpoko ekintzarik ez... Iazko martxoaren 15etik hona, etengabeko agertokiak izan dira horiek. Eta etengabeko mamuak gazteentzat.

Salbuespen egoera hasi zenetik hamabi hilabete pasatu diren honetan, Gaztelekuan hitza hartu duten nerabeek diote, gaur egun ez dela lehengoa gertukoekin egoteko aukera. Esaterako, senide gehienekin ez direla "lehen bezala elkartzen" uste dute. Hainbaten kasuan, azaldu dute etxebizitza berdinean familiako kide gehiago bizi direla pandemia hasi zenetik, nagusiki, aitona-amonak haiekin bizitzeko lekualdatu direlako. Horrek, jakina, etxeko antolamendua eta espazioen banaketa aldatu du. Nerabeetako batek, adibidez, esan du ez duela logela propiorik une honetan. Gainontzeko gazteek garrantzia eman diote logela propioari, etxean duten espazio propio modura.

COVID-19ak eta horren harira hartu diren askotariko neurri murriztaileek, ordea, lagunartean ere izan du eragina. Batetik, asteburuetako planak guztiz aldatu direlakoan daude nerabeak. "Orain ezin da ia ezer egin", dio batek. "Lehen lagun askorekin egoten nintzen asteburuan, eta denbora gehiagoz". Horretan, noski, uste dute eragina izan dutela indarrean dauden mugek, besteak beste, ordutegiek edo udalerri arteko itxialdiak. Haien gizarte bizitza "murriztu" egin dela diote eta, adibidez, gaur egun ia ezinezkoa dela "jende berria ezagutzea".

Ligatzeko orduan ere izan du eragina horrek guztiak, eta ligatzeko zailtasunak handitu egin direla azaldu dute gazteek. "Ez dago festarik, ezin da inor ezagutu, eta kalean ez dugu ligatzen", nabarmendu dute. Hala, gaur egun, sare sozialen presentzia lehen baino are nabarmenagoa dela diote, bereziki Instagramena.

Euskarrien pisua

Lehendik ere gailu teknologikoek pisu handia baldin bazuten ere, COVID-19ak sortutako egoerak horien presentzia areagotu duela adierazi dute gazteek. Harremanetan jartzeko, euskarri teknologikoetara etengabe jotzen dutela esan dute, besteak beste, sare sozialak erabiltzeko edota bideo-deiak egiteko. Itxialdi garaian, adibidez, oroitzen dute lagunekin batera aritzen zirela bideo-jokoetan, baina ez soilik itxialdian: gerora eta orain ere ohiko praktika bilakatu dela azpimarratu dute.

Gaztelekuan bildu diren gehienek adierazi dute "ezingo" luketela gailu teknologikorik gabe "bizi". Gainera, batzuk ohartu dira haien lagunak askoz ere gutxiago irteten direla orain kalera, eta batzuek nahiago izaten dutela etxean geratu, esaterako, bideo-jokoekin jolasean. Horrek, noski, are gehiago zailtzen du lagunekin elkartu ahal izatea.

Gaztelekura bertaratu den nerabeetako batek ondorioztatu du "baztertuta" sentitzen dela sarri, haren lagunek orain etxean gelditu nahi izaten dutelako askotan, kalera atera beharrean. Zenbaiten arabera, eskolatik irtetean ere etxera joaten dira maiz. Horretan eragina izan du, besteak beste, eskolaz kanpoko jarduera asko bertan behera geratu izanak.

Distantziak

Eskoletan aldaketa gogorrak izan dira pandemia hasi zenetik, eta neurri berriekin ekin zioten 2020-2021 ikasturteari. Ikasleak dira Gaztelekuan bildu diren gazteak eta, azpimarratu dutenez, nagusiki jolas-ordua da ikasturte honetan aldatu dena. Aipatu dute, besteak beste, adin desberdineko ikasleak ezin direla elkartu, baloiak ezin dituztela erabili eta, ikastetxeren batean edo beste, eserita ematen dutela jolasaldia hainbat adinetako gazteek, taldeka banatuta.

Uste dute "neurri asko" hartzen direla ikastetxeetan eta "oso zorrotz" daudela irakasleak. Sumatu dute "urduri" daudela eta "garrasi gehiago" egiten dietela haiei, eta "arduragabetzat" hartzen dituztela ikasleak hainbat kasutan. Bestalde, adierazi dute maskaren erabilerak eragina duela eskolako komunikazioan, eta sarri ez dutela elkar entzuten. Gaur egun irakasleekin harremanak hotzagoak direla ere iritzi diote batzuek.

Gaztelekuan hitza hartu duten gazte gehienek nahiago dituzte aurrez aurreko eskolak, online eskolak baino. Iritzi diote hezkuntza telematikoan irakasleek "askoz ere lan gehiago" agintzen dizkietela ikasleei eta, gainera, oso nekeza dela "zalantzak argitzea" edota "arreta mantentzea". Dena den, gazte batek esan du, agian, ez luketela ikastetxera joan behar une honetan, "arriskua" dela-eta. Gainera, hainbatek zalantzan jarri du pandemiaren kudeaketa orokorra, ez baitu ulertzen zergatik jarraitzen duten martxan eremu edo arlo batzuek, eta beste batzuek ez.

(Gain)(des)informazioa

Pandemiaren eta egungo egoeraren gaineko informazioari dagokionez, gehienek uste dute azken urtean "gezur asko" esan dituztela politikari profesionalek eta "ezkutatu" egin dutela egoeraren "larritasuna", esaterako, "hildakoen kopurua". "Hasieran esan zuten COVID-19a ez zela hain larria". Dena den, itxialdi orokorraren garaian nahiz horren ostean izan duten informazio iturri nagusia telebista dela argitu dute, nahiz eta, maiz, "estutasuna" eragiten dien, pandemiaren inguruko informazio "bonbardaketa" dela-eta.

Aipatu dute eskura dauden hainbat baliabide ez direla baliatu gazteei jarraibideak eta osasun-neurrien inguruko informazioa helarazteko, adibidez, sare sozialak. "Badakite asko erabiltzen ditugula sare sozialak, eta erabil zitzaketen horretarako".