Autodefentsa feminista ikastaroa egingo da hilaren 27an

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 10a, 12:06

Emakumeen* Etxean izango da ikastaroa. (Hitza)

Martxoaren 23ra arte egongo da zabalik ikastaroan izena emateko epea. Maitena Monroy Romero autodefentsa feministari buruzko formakuntzan aditua ariko da lemazain saioan.

Udaleko Parekidetasun departamentuak antolatzen duen Emakumeentzako Jabetze Eskolaren barruan autodefentsa feminista ikastaroa prestatu dute. Saio bakarrekoa izango da; martxoaren 27an, larunbatean. Udalak jakitera eman duenez, "arlo teorikoa eta praktikoa" landuko dituzte ikastaroan. "Erasoak identifikatu eta indarkeria nondik datorren ikasteaz gain, eguneroko bizitzan gertatzen diren erasoei aurre egiteko mekanismoak jorratuko dituzte. Norbere buruarekiko konfiantza berreskuratzeko, norberaren gaitasunak eta autoestimua landuko dituzte".

Horrez gain, "indarkeriaren inguruko mitoak eta errealitateak" ere aztertuko dituzte, baita "indarkeriaren ondorio indibidual eta kolektiboak" ere. Maitena Monroy Romerok gidatuko du saioa. Fisioterapeuta, aktibista feminista, genero indarkerian aditua eta autodefentsa feministari buruzko formakuntzan aditua da Monroy. Ikastaroaren prezioa 10 eurokoa da, eta parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute 943-00 51 36 telefono zenbakira deituta, edo emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera mezua bidalita. Martxoaren 23ra arte egongo da zabalik izen-emate epea. 

Autodefentsa feministarena ez da Jabetze Eskolak datozen asteetarako prestatu duen ikastaro bakarra. Esteka honetan zerrendatuta daude urtarriletik apirilera bitartean martxan diren eta izango diren ikastaroak.