Bihar amaituko da Iñurritzako eta Udaberriko bazkideei zuzendutako inkestak betetzeko epea

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 15a, 09:20

Begoña Egaña eta Jesus Arana.

Martxan da Bidea Eraikitzen parte hartze prozesua, eta fase honetan, hainbat galdetegi bidali dizkiete Iñurritza eta Udaberri jubilatuen elkarteetako bazkide guztiei, haien iritziak helaraz ditzaten. Bihar izango da inkestak beteta aurkezteko azkeneko eguna.

"Udaberri eta Iñurritza jubilatuen elkarteen egungo errealitatea ezagutzea" eta "etorkizunerako nahi den kudeaketa ereduari buruz hausnartzea" dira Bidea Eraikitzen parte hartze prozesuaren helburu nagusiak. Otsailean bi elkarteetako 1.900 bazkideei bidali zizkieten eskutitzak Zarauzko Udalak eta Udaberriko eta Iñurritzako zuzendaritzek, zenbait galdera-erantzun oinarri hartuta, haien iritziak jaso ahal izateko. Dena den, bihar, asteartea, izango da galdetegiak bete eta entregatzeko azken eguna.

Inkestak betetzean, ondoko lau puntuetara eraman ditzakete bazkideek: Herritarren Arreta Zerbitzua (Kale Nagusia, 29), Turismo Bulegoa, Gizarte Zerbitzuak (Udaberri elkartearen aurrean) edo Aritzbatalde kiroldegia.