Samara Velte: "Sumatzen genuen 'Egunkaria'-ren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela"

Ander Perez - Argia 2021ko mar. 19a, 15:30
Samara Velte kazetaria. (Joseba Zabalza)

Argia aldizkariak Samara Velte kazetaria elkarrizketatu du Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentalaren harira.

Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentala zuzendu eta aurkeztu berri du Samara Veltek (Zarautz, 1991) Josu Martinezekin batera. Azkenaldian euskal gatazkaren memoriaren transmisioari buruzko doktore tesian murgilduta badago ere, ezin izan dio kazetari bokazioari iskin egin. Biak batu ditu lanean: kazetaritza eta memoria.

Nola gogoratzen duzu Euskaldunon Egunkariaren itxiera?
Ikastolan nengoen, 5.mailan. Gogoratzen naiz Egunkariako aleak ikastolan ikusita neuzkala. Nik banuen handicap bat, nire etxean ez zelako euskaraz irakurtzen ez hitz egiten. Gogoan dut Egunkaria itxi zutenean ikastolan esplikatu zigutela, elkartasun kanpainarako kamisetak zabaltzen hasi zirela, eta marrazkiak egiteko eskatu zigutela, patioan zintzilikatzeko. Eredu batzuk ziren, fondo urdinarekin, eta “Egunkaria aurrera!” letrekin.

Zazpi urtera hasi zinen Berrian lanean. Nabari zen horren arrastorik?  
Oso fresko zegoen gaia. Bazen gauza bat pisatzen zuena. Erredakzioa bera izanda, eta jende bera, etengabe ateratzen ziren anekdotak, Egunkariaren garaiko hau eta bestea. Hori edaten du batek.

Dokumentala egiteko proposamena iritsi zitzaizunean, sentitu zenuen halako atxikimendu pertsonalik?
Bai. Iruditzen zitzaidan bazela nik ondo kontatu nahi nuen historia bat, eta lagundu nezakeela, erredakzio hori ezagutzen nuen neurrian eta nolabait historia horren oinordeko garen belaunaldiaren parte naizen neurrian. Aldi berean, izugarrizko aukera zen, ekoiztetxe bat bazegoen benetan inplikatuta, eta baliabideak zeuden. Gutxitan egoten dira istorioak ondo kontatzeko baliabideak.

Elkarrizketa osorik irakurtzekoa: Argia.eus

Erlazionatuak