Gipuzkoan 351 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 17a, 13:05

Azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian 987 koronabirus kasu zenbatu zituzten eta Gipuzkoa izan zen kasu gehien izan zituen lurraldea. Astelehenean jakinaraziko dituzte Zarautzen atzo, gaur eta bihar egindako proben emaitzak, baina azkeneko datuen arabera, eremu gorrian jarraitzen du herriak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak gaur eguerdian jakinarazi dute atzo COVID-19ak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan izandako bilakaera. Zehaztu dutenez, guztira, 12.345 froga diagnostiko egin zituzten lau lurraldeetan, eta haietatik 897 positiboak izan ziren. Lurraldeka Gipuzkoa izan zen positibo gehien zenbatu zituena, 351, hain zuzen ere, baina gertutik jarraitu zion Bizkaiak, 350 kasurekin. Bestalde, Nafarroan 152 kasu berri zenbatu zituzten eta 117 Araban.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 97 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta, gaur-gaurkoz koronabirusa duten 141 pertsona daude ZIUn. Nafarroan, berriz, 200 lagun daude ospitaleratuta COVID-19a dela eta, eta horietatik 40 ZIUn daude.

Astelehenean, apirilaren 19an, jakinaraziko dute zenbat emaitza positibo izan diren udalerri bakoitzean atzo, gaur eta bihar egindako probetan. Dena den, azkeneko datuen arabera, eremu gorrian jarraitzen du Zarautzek: atzo 839,51koa zen intzidentzia tasa.

Erlazionatuak

Laukoiztu egin da intzidentzia tasa bi astean

Onintza Lete Arrieta-Amaia Urbieta Arruti 2021 api 16 Zarautz