Jaso du aurtengo Lizardi Saria Yolanda Larreategik

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 18a, 14:09

Xabier Lizardik 125 urte beteko lituzke gaur, eta horri lotuta, gaur egin dute haren izena daraman literatura lehiaketako sari banaketa. Miriam Mendozak nahiz Yolanda Arrietak hartu dute parte aurtengo ekitaldi berezian, eta Mariasun Landaren eskutik jaso du saria Larreategi markinarrak. Lizardiren lana ere ekarri dute gogora gaurkoan. Ekitaldiaren bideoa ikusgai, albiste barruan

Modelo aretoan banatu dute gaur 39. Lizardi Saria, zer eta Xabier Lizardiren 125. urtemuga izango litzatekeen egunean. Ekitaldi berezia izan da gaurkoa; gonbidatu bereziak bidelagun izanda, egile zarauztarra "omentzea eta gogora ekartzea" izan baitute helburu. Miriam Mendoza aritu da aurkezle lanetan, eta sariketari Lizardiren izena jarri izanaren zergatia azaldu du: "Garai hartan euskal literatura indartu nahian ari ziren batzuk. Lizardi pauso handiak ematen ari zen olerkigintzan, kazetaritzan, antzerkigintzan nahiz haur literaturan". Bestalde, lehiaketak zarauztar baten izena behar zuen eraman, Mendozak gogorarazi duenez. Nabarmendu du, gainera, "euskaldunon kontzientzian txertatu diren" hitz eta eduki asko sortu zirela Lizardiren eskutik, "denbora, iragana, gizakia, heriotza, bizitza, euskara edota euskal tradizioa" lantzeko idatzitako lanen bidez. "Oso gazte hil zen, baina lan ederrak utzi zizkigun", esan du Mendozak. Gaurkoan, esaterako, Lizardiren Zeru-azpia olerkia irakurri du jendaurrean.

Lizardiren beste sorkuntza bat entzuteko aukera ere izan da, haren Izotz-ondoko eguzki lana abesti bihurtu eta Modelon taularatu baitute Ane Sarasuak, Antxon Sarasuak eta Iban Isastik. Gaurko ekitaldirako sortu du lana hirukoteak.

Aurreneko edizioko irabazlea, Mariasun Landa

1982an egin zuten aurrenekoz Lizardi sariketa, haur eta gazte literaturari bultzada emateko asmoz. Mendozak esan du ordutik garai bakoitzera "egokitu" dela lehiaketa, eta ehunka lan aurkeztu direla 39 urteko ibilbidean. Parte hartu duten asko gaur egun "euskal literaturaren protagonista" direla jakinarazi du; esaterako, lehenengo Lizardi Saria eskuratu zuen Mariasun Landa bera. Txan fantasma ipuinari esker izan zen aurreneko saritua, eta Modelon izan da gaurkoan.

Landak azaldu du "errealismo kritikoa" delako korrontea landu zuela lan horretan, eta horren muinean dagoela idatzietan "gizarteko arazoak" islatzea eta lantzea, haurrei horiek "ezkutatu" gabe. Izan ere, haurrei eta gazteei zuzendutako literaturaren inguruan daukan ikuspuntua ere azaldu du idazleak, eta azpimarratu du literatura mota hori egitea ez dela "literatura light-a" edo "trantsizio literatura" egitea. Lan horien bidez haurrek eta gazteek bereganatzen duten edukiaren garrantziaz mintzatu da, baina ohartarazita ez direla gauza berdina "haur eta gazte literatura, eta didaktika".

Bizitza hartzeko eta emateko ariketa

Aurtengo edizioan Kati Olaizolak, Alex Gurrutxagak, Yolanda Arrietak eta iazko irabazle Idoia Garzesek osatu dute epaimahaia. Gaur Arrieta igo da Modeloko oholtzara, Yolanda Larreategi irabazle izendatzeko erabakiaren zergatiak azaltzeko eta Ur eta lur ipuin sarituko hainbat pasarte irakurtzeko. Arrietaren esanetan, "haurrentzako atmosfera erakargarria eskaintzen" du Larreategiren narrazioak, eta "haurrengana hurbiltzeko bi baliabide proposatzen" ditu: "abere pertsonifikatuak eta abentura". Hausnartu du, gainera, ipuinaren bidez "handiok askotan atzean uzten goazen altxorrak oparitzen" dituela idazleak, besteak beste, "jolasa". "Berriro haurrak izatera jolasteko gonbita luzatzen" du egileak Arrietaren arabera, "fantasia, abereak, jolasa eta lagunak" uztartuta, nagusiki.

Epaimahaiko kideak hitza hartu ostean hartu du Larreategik Modeloko agertokia. Landaren eskutik jaso du 39. Lizardi Saria, eta txalo artean hitz egin du gero, zeharo hunkituta. Adierazi du "ohorea" zela harentzat saritua izatea, eta "apaltasunez jaso" duela saria, baina baita "harrotasun handiz" ere bere "bihotzean".

"Irakurtzearen eta idaztearen garrantziaz" aritu da, bestalde, markinarra. Esan du irakurtzea eta idaztea ez direla "denbora-pasa soil bat": "Sentimenduak eta balioak lantzen ditugu; ez soilik haurrengan eta gazteengan, baina bada txikitatik landu behar dugun zerbait". Balio horien artean aipatu ditu "enpatia", "afektibitatea" eta "ongizatea". Idazteari dagokionez, ondorioztatu du "idazten ez dena ez duela gero inork irakurtzen" eta ezagutzen, eta "airean desegiten den burbuila bat" bilakatzen dela idazten eta azalera ateratzen ez den barne-mundu oro. Hala, idaztera dei egin du Larreategik, baita irakurtzera ere: "Irakurtzean bizitza hartzen duzu, eta idaztean bizitza ematen duzu. Biak daude lotuta, eta biak dira garrantzitsuak".

40. edizioa, martxan

Mendozak gogorarazi du abian dela 40. Lizardi Saria ere. Egileek lehiaketara aurkez ditzakete haien lanak, eta uztailaren 14a izango da horretarako azken eguna. Aurtengo sariketan 33 lanez osatutako uzta lortu da, eta ikusteke dago zenbat lagunek hartuko duten parte hurrengo edizioan.

 

Erlazionatuak

Asabaren baratzeko uzta

Aritz Mutiozabal 2021 api 16 Zarautz