Joseba Lopezek bosgarren egin du Eusebio Velez sariketan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 19a, 09:00

Joseba Lopez. (Jira-Bira)

Atzo jokatu zuten Eusebio Velez sariketa Duranan, eta irabazlea baino hamahiru segundo beranduago heldu zen helmugara Jira-Bira Grupo Euleneko Joseba Lopez. Bosgarren postua lortu zuen. Egun bat lehenago, larunbatean, Zarauzko taldeko Santiago Mesa nagusitu zen Sabin Foruria memorialean.

Zarauzko Jira-Bira Grupo Eulen taldeak emaitza onak lortu ditu joan den asteburuan. Larunbatean Sabin Foruria memorialaren 30. edizioan gailendu ostean, atzo, igandean, bosgarren postua eskuratu zuen Joseba Lopezek Eusebio Velez sariketan. Klubak azaldu du hamabost orduko tartea izan zela larunbateko lehiaketatik atzokora, eta beraz, "modu oso desberdinean" aritu zela Duranan. Dena den, Lopezek lortutako bosgarren postua "duina" izan zela nabarmendu du Jira-Birak.

Zarauzko taldeko kideak "lehiari neurria hartzen" ari direla dio klubak. Beste bi jardunaldi izango dituzte hurrengo asteburuan; larunbatean Lazkaon, eta igandean Valladoliden. Gonbidatu gisa jardungo dute Valladoliden, baina proba puntuagarria izango da Espainiako Koparako.