Berrikuntzekin dator 40. Lizardi Saria

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 20a, 19:00
Lizardi Sariko ekitaldia. (Zarauzko Udala)

Aurrerantzean, haur eta gazte literatura txandakatuko dute sariketan –aurten, gazteei zuzendutakoarekin hasiko dira–, eta 5.500 eurora igo dute sari ekonomikoa. 

Azalberrituta dator Lizardi Saria, betiere kulturgintzan erreferente izaten jarraitzeko intentzioarekin. Alde batetik, sari ekonomikoa 5.500 eurora igo du udalak, eta beste 1.000 euroko laguntza ere bideratuko du ilustratzailearentzat; «liburuaren bikaintasuna bermatzen laguntzeko», Xabier Txurruka alkatearen esanetan.

Urtez urte txandakatuz joango da sariketa, haur eta gazte literaturaren artean. Abian jarri berri duten 40. edizioa gazte literaturarekin (13-17 urte bitarteko irakurleentzat) hasiko da, eta lanak aurkezteko epa uztailaren 14an bukatuko da. 55.000 karakteretik gorako lan originalak aurkeztu beharko dira Zarauzko Udaleko Kultura Departamentuan, izengoitiz sinatuta.

Sari banaketa eguna apirilaren 2an finkatu dute, Nazioarteko Haur eta Gazte Literaturaren egunean, eta Modelo aretoan izango da. Urtero idazle bati haur edo gazte literaturaren inguruko manifestu bat egiteko eskatuko diote, sari emate ekitaldian irakurtzeko.

40. Lizardi Sariko oinarriak

Erlazionatuak