Irune Lasa: "Gai konplexuekiko heldutasunera iristen ari da euskal prentsa"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 14a, 08:56

Besteek esandakoak testura ekartzen trebatua, arraro sentitzen da grabagailuaren eta kameren beste aldean Irune Lasa kazetari zarauztarra. Eurobasquek 2020ko Kazetaritza Saria eman zion astelehenean iazko azaroan argitaratutako Gurinezko mendien Europa hura artikuluagatik, eta hainbeste errekonozimenduk apur bat lotsarazten badu ere, bere jardunaz mintzatu da Berriako Ekonomia Saileko kazetaria.

Saria eman zizutenean azaldu zenuen zuen lana dela gai konplexuak irakurleei helaraztea. Ez dirudi lan erraza.

Esaten nuen gauza konplexuak irakurgarri egitea dela gure lana. Ez da helburu makala, eta saiatzen gara behintzat. Uste dut hori izan behar dela gure lana; beste helburu batzuk ere izan behar ditu, jakina. Pixka bat zailagoa da ekonomiako gaiekin, Europar Batasunari buruzkoekin... baina hori da gure lana, baita hari guztiei heltzea ere. Saiatzea ez ezer baztertzen eta ikuspegi guztiak kontuan hartzen. Nire obsesioa hori izaten da: konplexutasunaz jabetzea eta hortik abiatuta lan egitea.

Ekonomia gaiak urrun sumatzen al ditugu irakurleok?

Bai. Nik oso gustura idazten dut, iruditzen zaidalako oso inportantea dela. Gero, irakurleek agian beste zerbait pentsatuko dute, baina nik gustura idazten dut. Gu horretan saiatzen gara. Zailtasunak badaude, beti ari gara ikasten, baina iruditzen zait horrelako gaiekiko heldutasunera iristen ari dela euskal prentsa. Hori igartzen da orokorrean horrelako gaiak tratatzerakoan, beti ere, aitzindariek egin zuten izugarrizko lan hori ahaztu gabe.

Euskarazko kazetaritzan egin duzu ibilbidea. Zer puntutan dagoela esango zenuke?

Iruditzen zait orain gutxira arte oso larre motzean ibili garela. Orain ez gaude askoz ere hobeto, baina larre motzean ibiltzeak asko erakutsi digu, eta eskarmentu hori igartzen ari dela iruditzen zait. Ez gara inor baino gutxiago, inondik ere.

Baliabide gutxirekin jardun gara, eta irakurleen aldetik aitortza gutxirekin. Urte horiek hor egon dira eta ez dugu sekula ahaztu behar. Orain hobeto gaude, eta ez gara inor baino gutxiago; batzuetan hobeak ere bagara, hain zuzen, eskarmentua dugulako. Euskal prentsak, orokorrean, uste dut oso maila ona daukala.

Askotan erreferentetzat hartzen ditugun hedabideak, tamalez, espainiarrak izaten dira, eta gauza askotan gu ez gara gutxiago. Horretaz konturatzeke daude batzuk oraindik ere. Aurreiritzi batzuk oraindik badaude, baina pixkanaka uzten ari dira.

Sariaren gaiari helduta, zer dakar kazetari batentzat horrelako aitortzak?

Ez nuen espero, eta gaindituta bezala nago. Batez ere, ikusi dudalako jendea poztu dela nigatik; horrek emozionatzen nau, beste ezerk baino gehiago. Gero ni itzuliko naiz papereko nire izenaren atzera, eta nire lana egiten jarraitzeko asmoa daukat. Kazetaria naiz, eta horretan jarraituko dut.

Ulertzen dut sari hau badela gai batzuekin euskal prentsak eta Berriak egiten duten ahalegin galantarekiko aitortza ere. Niri eman didate saria eta oso eskertuta nago, baina puntu bateraino, pentsatu nahi dut nire lankideei eta euskarazko prentsari emandakoa ere badela.