Harrera Gida berritua argitaratu du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 20a, 18:00
Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotzia, Harrera Gidak eskuetan dituela. (Zarauzko Udala)

Bizilagun berrien eskura jarriko dute argitalpena, topa ditzaketen zailtasunen aurrean lagungarri izan dakieken informazioarekin eta telefonoekin.

Zarautzera heldu berriak direnentzako Harrera Gidaren edizio berria argitaratu du udalak. Iritsi berriek topa ditzaketen zailtasun horiekin laguntzea da gidaren helburua, eta eskura dituzten hainbat zerbitzuren inguruko informazioa nahiz haiekin kontaktatzeko modua ageri dira bertan: errolda, osasun zerbitzuak eta enplegua, besteak beste.

Horrez gain, udaletik bizilagun berriei laguntzeko martxan jarri diren hainbat programaren eta egitasmoren inguruko informazioa ere ageri da argitaratutako gidan. Egitasmo horien artean daude, esaterako, familia migratzaileei laguntzeko programa, euskaltegiko harrera ikastaroak edota duela gutxi martxan jarri duten atzerriko tituluen homologaziorako aholkularitza zerbitzua.

“Kontziente gara jaioterria atzean utzi eta hizkuntza, kultura eta ohitura desberdinak dauzkan leku berri batera iristeak dakartzan ondorioak gogorrak direla. Hauek arintzeko helburuarekin, harrera gida hau bizilagun berrien eskura jartzen dugu”, adierazi du Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak. Horrexegatik, gida hau "lagungarri" izango zaiela nabarmendu nahi izan du.

Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetan (Kale Nagusia 29 behea,  943-00 51 00, haz@zarautz.eus) nahiz Gizarte Zerbitzuetan (Zigordia kalea 33, 943-00 51 11, ongizatea@zarautz.eus) dago eskuragarri gida berria, gazteleraz nahiz euskaraz.