Bizikletak hartuta, Zarautzera ere ekarri dute pentsio duinen aldeko aldarria

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 28a, 14:40

Zumaiatik eta Getariatik igaro ostean, Zarautzera ere iritsi da Gipuzkoa zeharkatzen ari den bizikleta martxa. Harrera beroa egin diete txirrindulariei herriko pentsiodunek eta beste dozenaka herritarrek, eta ekitaldi berezia egin dute gero udaletxe aurrean. Bihar Donostiako mobilizaziora batzera deitu du pentsiodunen mugimenduak.

Aurrera doa pentsiodunen mugimenduak antolatutako bizikleta martxa. Aste honetan dozenaka lagunek zeharkatu dituzte Gipuzkoako hainbat herri, bizikleta gainean, eta pentsio duinen aldeko aldarriak eskuetan. Urola Kostara gaur iritsi dira txirrindulariak; Zumaiatik eta Getariatik pasatu ondoren hartu dute Zarautzerako bidea, eta eguerdian heldu dira herrira. Parrokia parean egin diete ongietorria Zarauzko pentsiodunek, eta ondoan izan dituzte beste hainbat herritar ere.

Horren ostean, Zarauzko kaleetan barrena zabaldu dituzte haien aldarrikapenak pentsiodunek, bizikleta gainean nahiz oinez. Lege Zaharren Enparantzan elkartu dira gero, eta han egin dute amaiera ekitaldia. Hitza hartu dute Zarauzko pentsiodunen mugimenduko kideek, eta bihar Donostian egingo den Gipuzkoa mailako manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Jakinarazi dutenez, "bi helburu nagusi" izango dituzte bihar Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioek; batetik, "erakunde estatalei zein autonomikoei" pentsiodunen eskakizunak betetzeko eta eskatzea, bestetik, "indarrean dauden eta ezarri nahi diren murrizketak berehala indargabetzea" exijitzea.

Pentsiodunen mugimenduak adierazi du "onartezina" dela "hiru urteko mobilizazioen ondoren lortutako konkistak arriskuan egotea", eta "pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzeko urrats irmorik ez ematea". Salatu du, gainera, "pentsioak murrizten ari diren erreformek bere horretan jarraitzen" dutela, eta "murrizketa berriei ateak irekitzen" dizkiela horrek. "Lan eta pentsio erreformak indargabetu gabe igarotzen den egun bakoitzeko, prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen dira", ohartarazi dute gaurkoan.

Pentsiodunen adierazpenen ostean hurbildu da mikrofonora Andoni Egaña bertsolaria, eta kantuan bete du aldarrikapenez Lege Zaharren Enparantza. Gero, Loretxoa abestu dute plazan bildu diren guztiek.

Bihar 17:00etan hasiko da Donostiako manifestazioa, Alderdi Ederretik. Bestalde, astero bezala, Zarautzen datorren astelehen eguerdian mobilizatuko dira berriz, udaletxe aurretik abiatuta.

Arratsaldean bideoan ikusi ahal izango da bizikleta martxak Urola Kostan izan duen harrera, ZARAUZKO HITZAn

Erlazionatuak