Urteroko jaialdia, molde berrietara egokitua

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 14a, 12:17

Igandera bitartean, Adarretatik jaialdiko kontzertuez gozatzeko aukera izango da doan Zarautzen, iluntzeetan. Kartelburu gisa, Amaia Zubiria abeslari ezaguna ariko da Modelo aretoko oholtzan igandean.

Bihartik igandera bitartean, musikazaleek pagotxa izango dute Modelo aretora inguratuz gero. Adarretatik jaialdiko kontzertuak izango dira bertan iluntzero, doako sarrerarekin. Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera eskuratu ahalko ditu, kontzertuak baino bi ordu lehenago, leihatilan.

Aurreko asteartean eman zuten jaialdiaren berri, eta aurkezpenean izan ziren Agurtzane Aizpuru Kultura teknikaria, Mikel Unzurrunzaga Makala antolatzailea, Martin Murua jaialdian izango den musikaria eta Goretti Aranburu aurtengo kartelaren egilea. Makalak jakitera eman zuen hiru ardatzen inguruan osatu ohi zutela egitaraua urtero: jazza, munduko musika eta euskal musika. Horiez gain, ahalegindu ohi dira herriko artistei tartea egiten, eta horren harira, Martin de Marte Zarauzko taldeak eskainiko du ostiraleko kontzertua. Martin Murua taldeko abeslariak eskerrak eman zizkien antolatzaileei eta udalari aukeragatik, eta herritarrak gonbidatu zituen saiora: "Lau martziano beren saltsan ikusi nahi badituzue, animatu, ondo egongo da eta".


Artista gonbidatuak

Berrikuntza gisa, biharko eta larunbateko emanaldietan Zarauzko abeslari banak kolaboratuko dute, eta horrelako "konexioak" interesgarriak dira Makalaren aburuz. Osasun egoera dela-eta kanpoaldeetan kontzerturik egin ezin bada ere, egokitu egin dute ohiko musika jaialdiaren formatua, eta antolatzailearen ustez, "plan polita" da bai herritarrentzat, bai turistentzat, halako ekitaldi bat egotea Zarautzen.

Aurtengo kartela Goretti Aranburu artista zarauztarrak egin du, eta aurkezpenean emandako azalpenen arabera, ikus daitezkeen marra koloretsuek adarrak diruditen arren, izatez ur tantek lagatako markak dira. "Tanta bakoitzak bere bidea egiten duen bezala, musikari batek bere bidea egiten du, eta sentipen horrekin konektatu nahi izan dut", adierazi zuen sortzaileak.

Erlazionatuak

Adarretatik jaialdiaren egitaraua, prest

Maialen Etxaniz-Mireia Galarza 2021 uzt 07 Zarautz