Aurten abuztuaren 1ean izango da haurrentzako arrantza lehiaketa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 23a, 11:00

Zarauzko moilaren eta hirugarren tunelaren arteko eremuan arituko dira arrantzan parte hartzaileak. Egunean bertan irekiko dute izen-ematea, 08:00etan, Musika Plazan.

Iazko geldialdiaren ostean, haurrentzako arrantza lehiaketa antolatu dute aurten Arkaitz-Mendi eta Galeperra elkarteek. Abuztuaren 1erako, iganderako, jarri dute hitzordua: antolatzaileen arabera, "itsasoko urazaleko kirol arrantzako lehiaketa" izango da, "itsasertzeko jaurtiketa modalitatean".

Egunean bertan eman beharko dute izena parte hartzaileek, 08:00etatik aurrera, Musika Plazan. Lehiaketa 09:00etan hasiko da, eta Zarauzko moilaren eta hirugarren tunelaren arteko eremuan arituko dira arrantzan. Helduren batekin bertaratu beharko dira haurrak, baina haiekin arrantzan egitea debekatuta izango dute helduek.

Azkeneko edizioan, 2019an, 14 urtetik beherako 30 lagunek hartu zuten parte sariketan. 1.110 gramo arrain harrapatzea lortu zuen Unax Alustizak, eta hura izan zen garaile.