Mikel Lopetegi 'Urra'-k eta Jokin Eizmendik Igeldoko Harria txapelketan parte hartuko dute bihar

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 13a, 09:30

Iaz Eizmendik irabazi zuen txapela.

Faboritoen artean izango dira bi zarauztarrak biharko lehian. 134 kiloko harri baldarra ahal beste alditan altxatu beharko dute bost minutuan.

Igeldoko Harria harri-jasotze txapelketa ezaguna jokatuko da bihar Donostian, Trinitate plazan, 19:00etatik aurrera. Bertan parte hartuko dute Mikel Lopetegi Urra eta Jokin Eizmendi zarauztarrek. 134 kiloko harri baldarra ahal beste alditan altxatu beharko dute bost minuturen barruan. 

Lehian ariko diren gainontzeko harri-jasotzaileak izango dira Aimar Galarraga, Gorka Etxeberria, Paulo Larrañaga, Alex Merlo eta Beñat Telleria Telleria IV.a. Faboritoen artean dira bi zarauztarrak. Bolada onean dabil Urra, eta hala erakutsi zuen abuztu hasieran jokatutako Bi Harri Txapelketa irabazita. Eizmendik ez dizkio lanak erraz jarriko, ordea. Sei aldiz irabazi du Igeldoko Harria, eta zazpigarren txapelaren bila joango da biharkoan.