Iñaki Osa hil da, emakume baserritarraren erraldoia urte askoan eramandakoa

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 16a, 09:33

2016an hartu zuen azkenekoz parte erraldoien kalejiran Iñaki Osak, 50 urte zituela. Goiztarrak taldearen sortzaileetako bat izan zen. 

Atzo hil zen Iñaki Osa, emakume baserritarraren erraldoia urte luzez astindu zuen gizona, 55 urte zituela. Zarauzko erraldoi guztiek egiten dute dantza ugari kalejiretan, baina erraza zen Osak zeramana nor zen antzematen, bira gehien berak egiten zituelako.

2016an, 50 urterekin dantzarazi zuen erraldoia azken  aldiz Osak Haurren Euskal Jai egunean, eta bere ibilbidearen errepasoa egin zuen HITZAri emandako elkarrizketa honetan. Urte hartan, omenaldi beroa egin zioten lagunek.

Goiztarrak taldearen sortzaileetako bat izan zen Osa, eta urtero atera ohi zen Euskal Jai egunean mikeletez jantzita. Bera ibiltzen zen suziriak botatzen. Maitatua zen herrian Osa, eta horren erakusle dira sare sozialetan hainbat erabiltzailek elkarbanatu dituzten mezuak:

Hala adierazi du Xabier Txurruka alkateak, goiko bideoarekin batera: "Agur Iñaki Osa, gure erraldoi bihurria".