Mugimendu feministak mobilizaziora deitu du biharko, Arranon izandako eraso matxista salatzeko

Zarauzko Hitza 2021ko ira. 7a, 09:40

Atzo publiko egin zuen Arrano Kabia Elkarteak haien tabernako bi langilek eraso matxistak jasan zituztela. Horren inguruan, Zarauzko Mugimendu Feministak ondorengo irakurketa egin du, eta biharko "herri salaketan" parte hartzera deitu ditu herritarrak

"Beste behin ere eraso sexista bat salatu beharrean aurkitzen gara. Arrano Kabia Elkarteak publiko egin dituen gertaeren aurrean gure babesa adierazi nahi diegu erasotuak izan diren emakumeei, eta zarauztarrei dei egiten diegu asteazkenean arratsaldeko 19:00etan udaletxe plazan burutuko dugun herri salaketan parte hartzera.

Oso ohikoak dira halako erasoak, izan ere, uda giroan gailentzen den turismo ereduaren eta ostalaritzan lan egiteak dakarren zaurgarritasunaren ondorioz, asko dira emakume tabernariek egunerokoan jasaten dituzten eraso sexistak. Bai hitzezkoak, bai fisikoak, baita jarrerazkoak ere. Gainera alkohola tarteko halako jarrerak justifikatzeko joera nabarmena da eta oraingoan ere hala gertatu da balizko autoritateen aldetik.

Ondorioz, mobilizazio honen bidez, ostalaritzan aritzen diren emakume guztiei adierazi nahi diegu gure babesa. Lan esparru horretan oso ohikoak baitira halako erasoak gauez zein egunez. Taberna ixteko unean, lanetik etxerako bidean, eta beti; ez dugu ausartak izan nahi, aske izan nahi dugu".

Zarauzko Mugimendu Feminista