Erretratuen errealismo magikora

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 5a, 12:30
Pedro GaztaƱaga margolaria. (Aritz Mutiozabal)

Modeloekin izaten duen hartu-emana du gustuko Pedro Gaztañagak (Ordizia, 1967) erretratuak lantzerakoan, eta xehetasun guztiak ongi aztertuta, bere azken margolanak Punctum erakusketan bildu ditu. Torre Luzea aretoan daude ikusgai urriaren 24ra arte.

Punctum erakusketa inauguratu zuen Pedro Gaztañaga margolari ordiziarrak joan den astean, Torre Luzea aretoan. Kolore bizi eta deigarritan jasotako erretratu errealistak paratu ditu bertan, horiek denak formatu handiko koadrotan, nolabaiteko ziztada sorrarazi nahian. Estudiotik atera berriak dira obrak, duela bi aste bukatu zituen azken lanak. "Erakusketa egiteko aukera sortu zen unetik, nire asmoa izan da da obra berriak aurkeztea", adierazi du Gaztañagak. Martxoan jaso zuen erakusketa egiteko proposamena, eta hainbat lan aurreratuta bazituen ere, uda aprobetxatu du guztia ongi prestatu ahal izateko. Beraz, estreinakoz jarriko ditu lan berriak jendaurrean, eta, aldi berean, lehen aldia du Zarautzen erakusten duena.

Artistari erretratuak egitea gustatzen zaio gehien, eta eredu horretako margolanak paratu ditu Torre Luzean. "Bereziki modeloekin izaten dudan erlazioa eta elkarlana gogoko dut, haiei proiektua azaltzea eta beraiek ere egin nahi dudan horren parte izatea", jakitera eman du Gaztañagak. Erretratuak errealistak izatea bilatzen du, baina inguruari ukitu abstraktuagoa ematen saiatzen da, koloretsuagoa, nolabaiteko "errealismo magiko bat" eman nahian. "Beste zentzu bat emateko", gaineratu du.

Aurpegi ezagunak

Aretoan zintzilikatuta dauden erretratuetan gizarte, kultur eta kirol arloko aurpegi ezagunak atzeman daitezke. "Denak ez ditut pertsonalki ezagutzen. Batzuekin sare sozialen bidez jarri naiz harremanetan, lehendik ezagutzen nituelako eta nire asmoen berri bazutelako. Pandemiarekin egoera zaildu egin da, eta batzuek niretzako posatu badute ere, besteekin online bidez funtzionatu dut, haiei argazkiak eskatuta".

Koadro bakoitzak modeloaren izena darama, eta, besteak beste, honako hauek daude: Almudena Fernandez modeloa, Maximo Huerta idazlea, Marta Egilior zuzendari artistikoa, Blanca Cuesta margolaria, Brianda Fritz-James Stuart ilustratzailea, Aldo Comas margolaria eta zinegilea eta, horien guztien artean, Iñaki Osa Goikoetxea zesta-punta jokalari zumaiarra. "Adibidez, Iñakik niretzako posatu zuen, eta errugbian aritzen den jokalari batek [Jean-Jo Marmouyet] ere gauza bera egin zuen aurretik", zehaztu du.

Punctum erakusketarekin publikoarengan halako zirrara bat eragin nahiko lukeela aitortu du artistak: "Zerbait ikusten duzunean beti dago arreta deitzen dizun zerbait, eta ez dakizu zer den. Margotzerakoan ere gauza bera gertatzen zitzaidan. Askotan ez nekien noiz zegoen bukatuta edo nola jarraitu behar nuen, eta askotan pintzelkada bat ematen nuen eta hori zen obrak falta zuena. Pintzelkada hori izan daiteke begian, aurpegian ala hosto batean, eta hori da margolanari zentzua aldatzen diona. Batzuetan ulertzen duzu, eta besteetan ez. Gauza bera gertatzen da koadroa ikusten duzunean: zirrara hori sortzen dizu jakin gabe zergatik".

Erakusketa urriaren 24ra arte egongo da ikusgai, egunero eta doako sarrerarekin, 18:00etatik 20:00etarako

Erlazionatuak