Kiroldegiko langileek mobilizazioekin jarraituko dute bihar

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 13a, 19:00
Auto karabana Araba kaletik pasatzen. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko kiroldegiko langileek lehen greba eguna egin dute gaur, lan hitzarmen duina aldarrikatuz eta BPXport enpresak abuztuan ezarritako murrizketen kontra. Eguerdiko  protestaren ondoren, auto karabana zaratatsua egin dute arratsaldean.

Kiroldegia itxita mantendu da egun osoan, eta grebak jarraipen zabala izan duela nabarmendu du ELA sindikatuak.

Era berean, bihar mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Gaur bezala, goizeko 06:15ean kiroldegi aurrean bilduko dira, eta 11:30ean elkarretaratzea egingo dute Lege Zaharren enparantzan. Arratsaldea, 18:00etan, kazerolada deitu dute toki berean.