PPk "errespetua" eskatu du Zarauzko ondare historikoarentzat

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 6a, 16:00

Kezka azaldu du Zarauzko Alderdi Popularrak, batez ere, egungo tren geltokiaren eraikina eraitsiko dutelako eraberritze lanetan.

Zarauzko PP alderdiak prentsa ohar bidez “errespetua” eskatu du Zarauzko ondare historikoarentzat, bereziki, tren geltokiarentzat. Geltokia eraberritzeko Euskal Trenbide Sarearen proiektua martxan da, eta egun ezagutzen dugun geltoki zaharra eraistea aurreikusten da obren barruan, beste hainbat egokitzapenekin batera. Alderdi popularraren arabera, “inork ez du ulertzen eraikin hori eraisteko beharra”.

Eraikina “Zarauzko inguru historikoarekin bat” datorrela dio PPk, baita “XIX. mendetik XX.erako transitoarekin” ere. Geltokia eraistearen alde “EAJren Udal Gobernua” soilik dagoela dio, eta “bitxiki, buru duen alkatea arkitektoa da ogibidez”. Hori hala izanik, ondare historikoa zaintzerako orduan “sentsibilitate berezia” behar lukeela dio PPk.

Estazioaren eraberritzeak irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea du xede. Eraitsi behar duten eraikina duela 25 urte inguru altxatu zuten, eta Xabier Txurruka alkateak 2020ko maiatzean tren geltoki berriaren obrari buruz egin zuten udalbatzarrean azaldu zuen Udal Gobernuak aztertu zuela “zer suposatzen zuen hori mantentzeak, eta zer eraisteak”.  Azterketa horren ostean, erabaki zuten komenigarriagoa zela eraikina eraistea, “mugikortasuna eta komunikazioa hobetze aldera”.

Ebro Etxea ere kezka iturri

Gaineratu du Hispania Nostra elkarteak berriki gehitu duela Zarauzko tren geltokia galtze arriskuan dagoen ondarearen Zerrenda Gorrian. Iazko ekainean, elkarte horrek berak Ebro Etxea sartu zuen Zerrenda Gorrian, udalak eraikinari “babesa kendu ostean”. PPk azaldu du Eusko Jaurlaritzak “hasi behar izan” zuela uztailean Ebro Etxea babestu ahal izateko prozedura, eraikinean esku hartzerik egon ez zedin. Hil horretan, udalbatzarrean aho batez adostuta, Ebro Etxea Ondare Historiko eta Arkitektonikoen Katalogoan mantentzea erabaki zen.

Popularrentzat “lotsagarria dena da mehatxua Udal Gobernutik etortzea, eta Zarauzko ondarearen babesa elkarte batek egin behar izatea”. Hori horrela, kezkagarritzat jo du PPk Zarautz zerrenda negatibo horretan agertzea, eta are okerrago “herriko ondare historikoa arriskuan jartzen duten Udal Gobernuaren politikak” direnean horren motibo.