Mitxelenako bizilagunek trenbideko obrak geldiarazi nahi dituzte

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 17a, 16:00

Mitxelenako etxebizitzen eta trenbidearen arteko  bidegorriaren ondoan ari dira errail berria eraikitzen. Hori salatzeko manifestaziora deitu dute larunbatean.

2018an adostu zuten Zarauzko Udalak eta Euskal Trenbide Sareak Zarauzko herriguneko tren geltoki berria egiteko proiektua idaztea. Iazko maiatzean itxi zuten hitzarmena, eta uda amaieran hasi zituen ETSk eraberritze lanak, eta horrekin batera, trenbidean hainbat obra egiten ere hasi zen.
 
Lapurdi eta Mitxelena kaleen artean dagoen trenbide zatian obrak egiten dabiltza harrezkero, eta egungo trenbidearen alboan beste errail bat eraikitzen ari dira, Mitxelena kaleko bidegorriaren ondoan; zehazki, Zelai azpibidearen paretik Hegoalde kaleraino ari dira egiten trenbide bikoitza, eta inguru horretan itxita dago bidegorria. Horrek Mitxelena kaleko herritarren haserrea piztu du, izan ere, trenbidearen bigarren bidea etxeetatik lehen baino gertuago geratzen da. "Etxe barruraino sartuko dizkigute trenak", adierazi dio Zarauzko Hitzari auzotar batek, kezkaz eta haserre. 

Haserre horren erakusle, astearen hasieran hainbat margoketa agertu ziren Mitxelena kaleko hormetan, Auzoa defenda dezagun, eta Mitxelena ez ikutu moduko mezuekin. Zenbait auzotarrek udalera eta ETSra jo dute informazio eske, eta astelehenean bilera jendetsua egin zuten Mitxelenako auzotarren egoitzan, herritarrak gertatzen ari zenaz informatzeko eta mobilizatzera deitzeko. Goraino bete zen lokala, eta bertaratu zirenek beren haserrea erakutsi zuten.


Larunbatean, manifestazioa

Mitxelenan bizi direnei obrek nola eragingo zieten inork ez ziela azaldu salatu dute auzotarrek, eta obra Euskal Trenbide Sarearen esku dagoenez, udalak ez diela ez informaziorik, ezta bestelako laguntzarik ere eman.  Horren aurrean isilik ez direla geratuko garbi dute Mitxelenako bizilagunek, eta obrak geldiarazteko mobilizazioak egingo dituzte.

Hasteko, trenbide bikoitza geldiarazteko sinadura bilketa egingo dute, horretarako hainbat bide baliatuta. Sareetatik zabalduko dute bat egiteko aukera, eta Mitxelena kaleko ezkaratzetan ere jarri dituzte sinatzeko paperak. Larunbaterako manifestaziora deitu dute 11:00etan, Mitxelena kaleko 51. zenbakitik udaletxera kalejira aldarrikatzailea egiteko. Zabaldutako mezuan salatu dute egiten ari diren obrek "tren maiztasun, merkantzia eta zarata gehiago" eragingo dituela bizilagunentzat. "Ezin dugu obrek aurrera egin dezaten onartu eta biderik onena geure iritzia entzunaraztea da".  

Bere garaian Xabier Txurruka alkateak azaldu zuenez, obren helburua, besteak beste, trenbidearen trazadurak herrian duen "hiri integrazioa hobetzea" da. Lanek 29 hilabete iraungo dutela aurreikusi zuten, eta epe horretan honako egokitzapen hauek egingo zituztela azaldu zuten: egungo geltokiaren eraikina eraistea, trazadura aldi baterako zuzentzea eta behin-behineko geltoki bat eraikitzea, obrak egin bitartean tren zerbitzuarekin jarraitu ahal izateko. ETSk obren kostuaren zatirik handiena hartuko du bere gain –bi heren–, eta udalak kostuaren heren bat.