EH Bilduk ere gaitzesten ditu Mitxelenan agertu ziren margoketak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 22a, 16:33

Podemos Equo-Berdeen gaitzespen proposamenarekin bat egin ez arren, margoketak deitoragarritzat jo ditu Zarauzko EH Bilduk.

Aurreko astelehenean Mitxelena kalean agertu ziren margoketak gaitzesteko proposamena luzatu zien Podemos Equo-Berdeak udal taldeak Zarauzko Udala osatzen duten gainontzeko udal taldeei, eta EAJk eta PSE-EEk bat egin zuten proposamenarekin.

Zarauzko EH Bildu udal taldeak ez zuen bat egin Podemos Equo-Berdeen proposamenarekin, baina HITZAri jakinarazi dionez, margoketak "deitoragarriak" direla uste du. "Herritar orok du bere kezka, iritzi eta haserrea adierazteko eskubide osoa, eta Mitxelena kaleko auzokideen haserrea guztiz ulertzen dugun arren, berau adierazteko egin diren pintadak guztiz desegokiak izan direla uste du Zarauzko EH Bilduk", adierazi du udal taldeak.