Bertso-sorta: 'Barren plazako kaiola'

Zarauzko hitza 2021ko aza. 23a, 12:28

Inaxio Uria 'Isasti'-k bertso-sorta berria egin du Barren plazan aurreko astean ipini zuten hesiari buruz. Iparragirre abila dela da sortaren doinua.

1-
Barren Plazako kaiolan berri
ez dakit badakizuten
Segurtasun beharra dela ta
begira zer egin duten
Burdinezko sarea
Ez da ez dotorea
Plazan erdia irensten
Aho zabalik gelditu gara
txundituz hori ikusten

2-
Neurri horren helburua ei da
Utik jende pilaketa!!
Baina plaza murriztu ondoren
bidezko da azterketa
Ekintzaren emaitza
erabat ulergaitza
tabernak hor daude eta
Bezeroak kontuan izanik
herrena da aldaketa

3-
Egindakoa egina dago
beraz desmunta ezean
Erabilgarri bihur dezagun
hautaketa errazean
Arte erakustoki
inguratuz egoki
Eta Gabonak heltzean
Jaiotza eta artaldetxo bat
hesiaren babesean