Xabier Txurruka: "Bi trenbide horiek behin-behineko geltokiari zerbitzua emateko dira"

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 26a, 11:25
Nagore Apodaka bizilaguna bere hitzartzean, alboan Itziar Aldabaldetreku, eta hainbat auzotar udalbatzar aretoan (Aritz Mutiozabal)

Mitxelenako auzotarrek hitza hartu zuten atzoko udalbatzarraren bukaeran, eta trenbideko obren aurrean duten haserrea eta kezka agertu zuten. Xabier Txurruka alkateak jakitera eman zuen behin-behineko geltoki bat jarriko dutela Zelai azpiko pasabidearen ondoan, eta zerbitzua eman ahal izateko eraikitzen ari direla bi trenbideak. Datorren astean bilera irekia egingo du ETSk bizilagunekin udalbatzar aretoan, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Zeharka nahiz zuzenean, Mitxelenako bizilagunak izan ziren atzoko ohiko osoko bilkurako protagonistak.  Alde batetik, joan den larunbatean bezala, elkarretaratzea egin zutelako Lege Zaharren enparantzan, eta haien aldarriak nahiz kexuak udalbatzar aretoan presente izan zirelako saio osoan zehar. Bestetik, bilkura amaieran bi bizilagunek –Nagore Apodakak eta Itziar Aldabaldetrekuk– hitza hartu zutelako, auzokoen ordezkari moduan, haien ezinegona aurkeztu eta kontuak eskatzeko.

"Huts egin diguzue", leporatu zien Apokadak Udalbatzari, eta Mitxelenako bidegorrira gonbidatu zituen trenbidea eta etxebizitzen artean dagoen distantzia ikustera: "Ea horrela zuek zeuek ere hausnartu dezakezuen logikoa eta morala den hainbeste gerturatzea trenbidea etxebizitzetara. Azken finean, Mitxelenan bizi garenok udalaren zehar-kalteak gara". Hori horrela, "urgentziazko neurriak" hartzea eskatu zien. "Bi errail jarriko dituzten ala ez, trena zer abiaduratan igaroko den, zer gertatuko den... Hori guztia jakin beharra dago obra batekin hasi aurretik, bizilagunen ongizatea eta osasuna babesteko.

Aldabaldetrekuk ere ildo beretik jo zuen: "Hemen zaudeten guztiok utzi diozue ETSri [Euskal Trenbide Sarea] hau egiten. Ez dakit zertan aritu zareten. Ez dakit nola onartu duzuen. Badirudi bost axola izan zaizuela". Nabarmendu zuen Mitxelenako bizilagunek urteak daramatzatela trenbidearekin "buruhausteak" izaten, eta, orain, "bestaldean lekua izanda [Lapurdi kalean], harantz eraman beharrean jendea pixka bat lasaitzeko, are eta gertuago ekarri duzue, etxe azpira. Hori nola daiteke!". Ardura ETSrena bada ere, zergatik eman dioten baimena galdetu zuen bizilagunak, baita auzotarrek duten mesfidantza agertu ere: "Zer dago honen atzean?". Egunak aurrera doazela eta egoerari "bukaera ona" eman behar zaiola azaldu zuen Aldabaldetrekuk, "oker hau zuzentzeko"; izan ere, "lehentasuna, kasu honetan, bizilagunek dute".

200 metro, Mondrara arte

Trenbidearen eskumen osoa ETS Euskal Trenbide Sarearena dela azpimarratu zuen Xabier Txurruka alkateak; aurreko astean Apokada, Aldabaldetreku eta beste bizilagun batzuekin eginiko bileran halaxe adierazi omen zien. "Protesta egiteko eskubide osoa daukazue, baina ez da Zarauzko Udalaren eskumena", adierazi zuen alkateak. 2020ko maiatzean geltoki berria finantzatzeko ETS eta udalak hitzarmena sinatu zuten, eta bertan zehaztutakoaren arabera, trenbideaz kanpoko hiri-urbanizazioko lurren eskumenak laga zizkion udalak ETSri. "Trenbide legedia dute, eta horrek babesten dio".

Jarraian, astelehenean ETSko teknikariek emandako azalpenen berri eman zuen Txurrukak bertaratutakoen aurrean. Herriguneko geltoki nagusia eraitsi egingo dute, azpiko pasabidea egin ahal izateko, Gaztainpe eta Aritzbatalde-Azken Portu-Salberdin lotuko dituena. Bitartean, ETSk zerbitzua ematen jarraitzeko behin-behineko geltoki bat jarriko du, "etxolak" izango direnak, eta Zelai azpibidea (Lapurdi Kalea) eta Kasino kalearen artean joango da.

"Egungo geltokiak bi trenbide ditu, bata Donostia aldera doana eta bestea Eibar aldera, eta guztira 275 metro ditu. Proiektuak jasotzen duena da behin-behineko geltokiari 200 metroko bi trenbide ezartzea, zerbitzua eman ahal izateko. Eta 200 metro horiek Mondrako aparkalekuraino iritsiko lirateke". Bi trenbide horiek "behin-behineko geltokiari zerbitzua emateko" funtzionatuko dute, eta horietako bat "trenbide aparkaleku" gisa erabiliko dute.

Bestalde, azken astean trenbidearen eta etxebizitzen arteko tartearen inguruan zabaldu ziren adierazpenen aurrean "zuzenketak" egin nahi izan zituen. Bidegorria "bere horretan" mantenduko dela zehaztu zuen: "Itxitura da aldatzen den bakarra. Zuhaixka ilarak kendu dira, eta itxiturak 50-60 zentimetro hartu dio berdegune horri. Baina ez da bidegorririk kendu". Era berean, ETSko arduradunei argibide horiek guztiak bizilagunei zuzenean azaltzeko eskatuko ziela gaineratu zuen alkateak, "zuen kezkak behar bezala erantzuteko".

Bilera irekia datorren astean

Gaur goizean bildu da Xabier Txurruka eta ETSko ordezkariekin, eta etorkizunera begira, "datu garrantzitsuak" eman dizkietela azaldu du alkateak: "Trenbide bikoitzaren proiektua garatzea du esku artean ETSk, baina denok lan egin behar dugu trenbide bikoitz hori era egokienean, trazadura aldetik, modu teknikotik eta erabilera aldetik".

Hori horrela, ezinbestekoa iruditu zaie bilera publiko bat deitzea ETSren eta Mitxelenako bizilagunen, herritarrei eta interesdunen artean, ETSk etorkizunerako dituen plangintzen berri eman ditzan, "trenbideko obratik hasita". Eguna eta ordua zehaztekotan geratu dira, baina udalbatzar aretoan izango da; edukiera mugatua izango denez, streamming bidez zuzenean emango dutela azaldu du.

Txurruka baikor agertu da etorkizunera begira. Alkateak azaldu du ETSko ordezkariekin bildu zela joan den astean eta Lapurdi kale aldeko lurrak eskaini zizkiela bi trenbidearentzat: "Udalak prestutasun osoa erakutsi zion plataforma osoa bestaldera eramateko". Bere esanetan, "aurreuste asko" izan dira, eta "ETSren etorkizuneko proiektuak benetan jakitean nolabait baretu egin daiteke jendearen ezinegona". Horren berri ematean, dena dela, ETSri dagokiola zehaztu du.