Jokin Eizmendik laugarren aldiz jantzi du harri handietako Euskal Herriko txapela

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 19a, 09:00
IƱigo Eizagirre 'Eiza', Jokin Eizmendi eta Jon Unanue 'Goenatxo III.a', atzo, Asteasun. (Ataria)

Aimar Galarraga oriotarrak ostiralean jakinarazi zuen ez zuela parte hartzerik izango; horrela, bada, hiru harri jasotzaile izan dira Asteasuko plazan indarrak neurtu dituztenak: Jokin Eizmendi, Iñigo Eizagirre Eiza eta Jon Unanue Goenatxo III.a. Gaur, berriz, Harri Txikien Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute Gernikan (Bizkaia), eta zarauztarrak dira parte hartuko duten lau kirolariak.      

Faboritoak ez du hutsik egin. Duela hilabete eskas Gipuzkoako txapelketa irabazita, eta Aimar Irigoienek ez zuela parte hartuko jakinda, Jokin Eizmendiren izena ageri zen Euskal Herriko txapela janzteko kiniela guztien buruan. Eta zarauztarrak bete egin ditu aurreikuspenak: laugarren aldiz irabazi du Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa.

Atzo, 18:00etan, Asteasuko zuten hitzordua. Berez, lau harri jasotzaile ziren parte hartzekoak: Eizmendi eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak, Aimar Galarraga oriotarra eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra. Galarragak, ordea, bezperan jakinarazi zuen ezingo zuela azaldu; horrenbestez, beste hiruren artekoa izan zen lehia. 

Lau eratako harriak altxatu behar izan zituzten kirolariek, hiru minutuko txandetan: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Hona hemen harri jasotzaile bakoitzak egindako lanak:    

  • Jokin Eizmendi
    • 200 kiloko laukizuzena: zortzi jasoaldi.
    • 175 kiloko zilindrikoa: hamar jasoaldi.
    • 150 kiloko kubikoa: hamabi jasoaldi.
    • 125 kiloko bola: hamalau jasoaldi.
  • Jon Unanue Goenatxo III.a
    • 200 kiloko laukizuzena: sei jasoaldi.
    • 175 kiloko zilindrikoa: zortzi jasoaldi.
    • 150 kiloko kubikoa: bederatzi jasoaldi.
    • 125 kiloko bola: bederatzi jasoaldi.
  • Iñigo Eizagirre Eiza
    • 200 kiloko laukizuzena: bost jasoaldi.
    • 175 kiloko zilindrikoa: zazpi jasoaldi.
    • 150 kiloko kubikoa: hamar jasoaldi.
    • 125 kiloko bola: hamabi jasoaldi.

Horrenbestez, guztira 6.900 kilo jasota, Eizmendirentzat izan zen garaipena; bigarren lekuan Eiza gelditu zen, 5.225 kilo jasota; eta hirugarrenean Goenatxo III.a, 5.075 kilo jasota.

Eizmendik Euskal Herriko laugarren txapela du hau; 2014an, 2015an eta 2018an irabazi zituen besteak, Aimar Irigoienek huts egin izan duen aldi bakoitzean, hain zuzen. Errezildarrak 2006az geroztik 11 txapel erdietsi ditu, azkena iaz, Juan Joxe Unanue Goenatxo II.aren marka berdinduz.  Aurten, ordea, ez du ez Gipuzkoakoan ez Euskal Herrikoan lehiatzerik izan, belaunean min hartuta dagoelako.    

Harri txikien txapelketa, gaur

Gaur, berriz, Harri Txikien Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute Gernikako (Bizkaian) Merkatu Plazan, 12:00etan hasita, eta atzo Asteasun hirutik hiru Urola Kostakoak eta hirutik bi zarauztarrak izatea deigarria iruditu zitzaionak, begira diezaiola gaurko kartelari: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Iraitz Arruti, Xabat Olaizola eta Mikel Lopetegi Urra, laurak zarauztarrak. Hiruna minutuko txandetan, 125 kiloko harri laukizuzena eta zilindrikoa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kilo bola jaso beharko dituzte. Guztira kilo gehien jasotzen dituena izango da txapeldun.

Erlazionatuak