Urola Kostako EH Bilduk ezezkoa eman die udal elkartearen 2022ko aurrekontuei, beren proposamenik ez dutelako jaso aurrekontuetan

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 22a, 11:30

EAJren, PSE-EEren eta Podemos-EquoBerdeen aldeko botoekin onartu zuten joan den astean 9,5 milioi euroko aurrekontua, eta  EH Bilduk ezezko botoa eman zuen. Erabaki horren arrazoiak azaldu ditu orain.

Urola Kostako Udal Elkarteak 9,5 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako hainbat gai lantzeko. EAJren, PSE-EEren eta Podemos-EquoBerdeen botoekin onartuta gelditu zen joan den astean. Eskualdeko EH Bildu ez dago ados aurrekontuen edukiarekin, eta hala, ezezko botoa eman zuen bozketan.

Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak (EAJ) egin zuen aurrekontuen balorazioa, eta orain, Urola Kostako EH Bilduk eman du bere iritzia.

Funtsean, ezetz bozkatu du, "aurkeztutako aurrekontuak hobetzeko hainbat proposamen egin arren, bat bera ere ez dutelako onartu, eta aldaketarik egiteko asmorik ere ez duelako agertu Lourdes Salsamendik". Koalizioaren ustetan, "aurtengo aurrekontuak baditu hobekuntza batzuk aurreko urteetakoekin alderatuta, baina inolaz ere ez dira nahikoak".

EH Bilduk nahi zuen hezitzaile bat gehiago kontratatzea hondakinen gaia lantzen sakontzeko. "Hondakinen biltze prozesuan gauza asko dago hobetzeko. Udaletxeetan kexa asko ari gara jasotzen, eta gure iritziz, azken urteetan behin baino gehiagotan esan dugun bezala, ezinbestekoa da hezitzaileen lana indartzea. Aurrekontuan hezitzaile bat gehiago hartzea proposatzen da, eta guk uste dugu bi gehiago behar direla".

Horrez gain, 40.000 euroko diru partida txertatzea ere eskatzen zuen "hondakinen mahai tekniko-politikotik sor daitezkeen proposamenak finantzatzeko".

Azkenik, koalizioak nahi du udal elkarteak bere gain hartzea bazterkeria egoera larrian dauden pertsonentzako zerbitzu integral bat.  "185/2015 Dekretuaren arabera, EAEko eskualde bakoitzean bazterkeria egoera larrian dauden pertsonentzako eguneko arreta zentro bat eta gaueko harrera zerbitzu bat eskaini beharko lirateke, eta egun egoera honetan aurkitzen diren pertsonentzako zerbitzurik ez dago gure eskualdean".

Horregatik, "arazoari konponbidea emateko, Urola Kostako eta Urola Erdiko bi mankomunitateek osatutako mahai tekniko-politikoa osatzeko eta hortik sor daitezkeen beharretarako ere partida bat txertatzea nahi dugu".

EH Bilduk onartu du udal elkarteak ez duela eskumenik gai horretan, "baina hala ere, udal guztiek hala adostuz gero, hori egokitu daiteke eta hortik sor daitezkeen lanetarako partida bat aurreikusi ere bai".

Hori bera eskatu zuen koalizioak 2021eko aurrekontuetarako, "baina izko erantzunarekin alderatuta atzerapauso nabarmen bat dago, udal elkarteak konpromisorik ez baitu hartu oraingoan".