Ostiralean bukatuko da Martxoaren 8ko kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea

Zarauzko Hitza 2022ko urt. 18a, 10:00

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, udaleko Parekidetasun Sailak kartel lehiaketa antolatu du 14. aldiz. Parte hartzeko epea ostiral honetan (urtarrilaren 21ean) amaituko da, 12:00etan. Egile bakoitzak gehienez ere lan bat aurkeztu ahal izango du, berdintasuna@zarautz.eus helbide elektronikora helarazita, eta oinarrietan zehaztutako baldintzak errespetatuta.

Bi sari banatuko dituzte: batetik, epaimahaiak emandako 400 euroko saria; eta bestetik, jendearen botoen bidez egokitutako 200 euroko saria. Hain justu ere, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak bere facebook atarira igoko ditu Parekidetasun Departamentuak otsailaren 7an, eta otsailaren 14ko 09:00 arte eman ahalko da bozka. Atsegin dut gehien lortzen duenak jasoko du publikoaren saria.

Parekidetasun Departamentuak aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat jarriko du Emakumeen* Etxean.