EH Bilduk trenbidea lurperatzeko lanketarako "konpromiso hitzarmena" proposatu dio EAJri

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 22a, 09:00
Zarauzko EH Bildu ostiraleko agerraldian. (Aritz Mutiozabal)

EAJren jarrera aldaketa berri ona dela iritzi dio koalizioak, nahiz eta Xabier Txurruka alkateak joan den astean aurkeztutakoa ez den "behar bezala landutako proposamen bat". Hitzarmena alkateari aukeztu diote, eta erantzunaren zain daude.

Zarauzko EH Bilduk positiboki baloratu du EAJren "jarrera aldaketa" trenbidearen lurperatzearen lanen inguruan, joan den astean Xabier Txurrukak "teknikoki bideragarria" den lurpeko trazadura bat proposatu ondoren. Uste du herriarentzat berri ona dela jeltzaleek "orain arte izandako utzikeria" alde batera lagatzea eta lurperatzeko proiektua lantzeko "borondatea" agertzea. Horretarako elkarlana beharrezkotzat jotzen du koalizioak, eta proiektua elkarrekin lantzeko xedez, bi alderdien artean "konpromiso hitzarmena" egitea proposatu dio Xabier Txurruka alkateari.

"Herriko bi alderdi nagusiak gai honetan ados bagaude, konpromisoak hartzeko unea da", nabarmendu zuen EH Biduko bozeramaile Itziar Muruak, atzo eguerdian eginiko agerraldian. Zentzu horretan, lurperatzeko asmoaren inguruan alderdi guztien arteko "oinarrizko adostasuna" lortzen ahalegintzea garrantzitsua dela uste dute, "auzi honetan alderdikeriak alde batera utzita".

Hitzarmen horretan, gainera, EH Bilduk argi du trenbidearen lurperatzea "herriarentzako proiektu estrategiko" gisa jaso beharko litzatekeela, eta helburua lortzeko "pausoak emateko konpromisoa" hartuko luketela bi alderdiek.

"Honez gain, Udal Gobernuan edozein alderdi dagoela ere, ETSrekin egiten diren bileretan bi alderdien presentzia bermatzea proposatzen dugu, baita gaia lantzeko herritarren foro bat sortzea ere", gaineratu du Muruak. Alkatearekin jada bildu direla eta hitzarmen proposamena aurkeztu diotela jakinarazi du koalizioak: "Orain, erantzunaren zain gaude".

"Zuritzeko aldaketa"

EH Bilduk alboan izango duela azaldu dio EAJri, baldin eta trenbidea lurperatzea bultzatzeko erabakia benetakoa bada eta konpromisoak hartzeko prest badaude. Izan ere, koalizioko bozeramaileak argi eta garbi utzi nahi izan zuen Txurrukak pasa den astean aurkeztu zuen proposamenak inolaz ere ez ziela asetu. "Batetik, azken sei urteotan lurperatzearen azterketa lortzeko pausorik eman ez izana zuritzeko Zarauzko EAJren bat-bateko aldaketa baten aurrean gaude garbi-garbi. Mitxelena kaleko bizilagunen eta, oro har, Zarauzko herritarren presioaren aurrean egindako aldaketa, hain zuzen ere. Bestetik, aurkeztu dutena ez da behar bezala landutako proposamen bat", arrazoitu zuen Muruak.

Are gehiago, EH Bilduk zalantzan jarri du EAJk aurkeztutako proposamenean egon daiteken lanketa: "Ez da egia aurkeztu duten proposamen honen atzean lanketa bat dagoenik, alkateak lehengo ostiraleko prentsaurrekoan adierazi zuen bezala". Agerraldi horretan lurperatzeko proiektua albo batera utzi izana kritikatu diola oposizioak azaldu zuen alkateak, eta horri erantzun nahi izan dio koalizioak, hori ziurtatzen duten hainbat arrazoi aurkeztuz.

"Beraz, alkatearen iritziz burugabekeria galanta zen lurperatzeko proposamena, azken zazpi urtean ETSrekin horri buruzko bilerarik ez da egin gai honen inguruan eta Zarauzko aurrekontuetan ez dago aurreikusita azterlana lantzeko diru partidarik. Aurkeztu dutena ez da serioa. Ez da egiazko proposamen bat: ez dago teknikoki kontrastatuta, ez dago ETSrekin ezer hitz eginda. Plano baten gainean marra berde bat egitea ez da nahikoa", zehaztu du Muruak.

Edonola ere, jarrera aldaketa ongietorri da EH Bildurentzat, eta bere ustez, "su artifizialak alde batera utzi" eta "zarauztarren interesak defendatzeko pausoak emateko garaia da, konpromisoak hartzeko garaia".