Irratiko Argia Saria irabazi du Oier Aranzabalen eta Etxeberria anaien 'Artxipelagoa' podkastak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 3a, 11:49

2021eko udazkenean inauguratutako fikziozko audio-nobela saritu dute. Oier Aranzabalek eta Juan G. Andresek zuzendu dute lana, eta Xabier eta Martin Etxeberriak idatzi dute gidoia. 

ULU mediak eta EITBpodkastek ekoitzitako Artxipelagoa irratiko fikziozko nobelari eman diote 2022ko irratiko Argia Saria. 2021eko udazkenean estreinatu zuten podkasta, eta gidoilari lanetan ibili dira Xabier eta Martin Etxeberria anaia zarauztarrak. Zuzendaria, berriz, Oier Aranzabal zarauztarra da, Juan G. Andresekin batera. 

2103. urtean kokatutako distopia bat du kontagai istorioak. "Olatu erraldoi  batek Europa urpean utzi du ia osorik eta Euskal Artxipelagoa sortu da. Itsasoaren maila 500 metrotik gora igo da eta hiri-estatu gisa elkartu dira ur gainean geratu diren gune bakanak, besteak beste, Euskal Artxipelagoa izeneko uhartedia. Bertan bizi da Jare, mundu zaharraren kondarrak ezagutu nahi dituen gaztea". Horixe da audio-fikzioaren argumentua. 

Aurretik sekula horrelako lanik egin gabeak direla azaldu dute Aranzabalek eta etxeberriatarrek, eta lehen denboraldiak asko ikasteko balio izan diela. "Abenturazko fikzio klasiko" gisa definitu dute Artxipelagoa