Ukrainara jakiak eta materiala bidaltzeko lanean hasi da herritar talde bat

Onintza Lete Arrieta 2022ko mar. 3a, 08:24

Katia Koval, haren aita eta ukrainar jatorriko beste hainbat zarauztarrek Abendañoko lokal batean bilduko dituzte produktuak, martxoaren 10era bitartean. Garraio enpresa handi batek doan jasoko ditu kaxak, Ukrainara eramateko. Behin hara iritsita, ez dakite herrialde barruan banatuko dituzten produktuak, ala mugan, errefuxiatuei. Gobernuz kanpoko erakundeen esku utziko dute jasotakoa.

Errusiak Ukrainaren aurka gerra hasi eta egun batzuetara, martxan jarri dira ukrainar jatorriko zarauztar batzuk, beren herrialdera laguntza bidaltzeko. Katia Koval da horietako bat. Ukrainan jaioa, 9 urte zituenetik bizi da Zarautzen, eta hemen du aita ere. Amona, ordea, Ukrainan dauka.

Kovalek, aitak eta beste hainbat zarauztarrek lokala prestatu dute Abendañon, bertan era askotako produktuak jasotzeko. "Ukrainako lagunek esan digutenaren arabera, denetik behar dute. Esaterako, ume asko ari da jaiotzen, eta beraz, pardelak, formula-esnea, papila hautsak... oso beharrezkoak dituzte".

Baita beroa ematen duen oro ere: "Neguko arropa eta oinetakoak, umeentzakoak nahiz helduentzakoak. Baita lo zakuak, kanpadendak, berogailuak, txiskero eta pospoloak ere".

Jakiei dagokienez, galkorrak ez direnak eta beirazkoak ez direnak behar dituzte, bidean ez puskatzeko: "Ur beroa botata jateko prest dauden jakiak aipatu dizkigute, baita poltsikoan kabitzen diren txokolatinak eta barra energetikoak ere".

Lehen sorospeneko kit-ak ere gustura hartuko dituztela esan dute, baita emakumeentzat hilerokoarentzako konpresak ere. 

Abendañon, Ford-en ondoan

Ukrainara laguntza bidali nahi duten herritarrek Abendañon utzi beharko dituzte gauzak, Homebox-eko lokalean. Ford-en eraikin berean dago, Sarobe kaleko zortzigarrenean.

09:00etatik 17:00etara egongo da zabalik, eta "printzipioz", martxoaren 10era arte jasoko dituzte produktuak.

"Aurreneko bidalketa hilaren 10ean egingo dugu, baina zoritxarrez, ez dakigu azkena izango den", esan du Kovalek.