Ukrainara bidaltzeko hainbat kaxa bete ditu janariz eta materialez herritar talde batek

Elena Marguello 2022ko mar. 5a, 09:22

Makarov eta laguntzaile bat kaxak antolatzen atzo AbendaƱoko lokalean. (Elena Marguello)

Lehen sorospenetarako materiala, janaria, higienerako produktuak, arropa nahiz hotzetik aldentzea lagunduko duten materiala bildu dituzte. Aurreratzean, udalarekin eta Hotz Zarautzekin egingo dute material bilketa.

Alejandro Makarov, Katia Koval eta haren aita Ukrainara bidaltzeko materiala jasotzen aritu dira azken egunetan hainbat herritarren laguntzarekin Abendañoko lokal batean.

Makarov Zarauzko bizilaguna da duela hemezortzi urtetik, eta esan duenez, jendea Ukrainako mugetatik ateratzen ari zela ikusi zutenean hasi ziren Makarov, Koval eta gainerakoak harremanetan jartzen eta laguntza prestatzen. Ukrainako lagunekin harremanetan dagoela azaldu du Makarovek, eta haien "beharrak" kontuan hartuta, Zarautzetik beraien "aletxoa" jarri nahi dutela. Lehen sorospenetarako materiala, janaria, higienerako produktuak, arropa nahiz hotzetik aldentzea lagunduko duten materiala bildu dituzte.

Atzo izan zuten azken bilketa eguna Abendañoko lokalean. Aurrerantzean, udalarekin eta Hotz Zarautzekin harremanetan jarri eta taldean egingo dute material bilketa, "haien indarrarekin eta gure aukerekin ahal den guztia egin nahi dugu", aitortu du Makarovek.