Jendetza eta festa giroa Garagardo Azokako irekieran

Juan Luis Romatet eta Mireia Galarza 2022ko api. 14a, 10:45

Asteazken arratsaldean zabaldu zuten Zarauzko Garagardo Azoka, eta lehen ordurako jendetza bildu zen Munoan jarritako karpan. Mahaiak beteta, jende asko zutik, eta pitxerra eta txartelak erosi nahi zituen herritar eta bisitariz osatutako ilara luzea kanpoan.

Pandemiak eragindako bi urteko hutsartearen ondoren bueltan da Zarauzko Garagardo Azoka. Aski jakina zen zarauztarrak eta bisitariak gogotsu zeudela, eta hala erakutsi zuten lehen orduetatik. Munoako karpa ireki bezain pronto bete ziren mahaiak, eta ezinezkoa agian ez, baina zaila izan zen, bai, leku bat aurkitzea. Bitartean, askok eta askok zutik edan zituzten beraien edariak. 

Garagardo horia, beltza edo gari-garagardoa; presiokoa edo botilan. Denetik edan izan zen atzo Garagardo Azokaren lehen orduetan. Pitxerrak eskuetan, batetik bestera aritu ziren bertaratu zirenak. 

Ohikoa den bezala, irekierarekin batera omenaldirako txanda ere izan zen. Oraingo honetan, Alustiza Bidaiakeko Gabino Gonzalez Txabarri omendu du Zarauzko Rugby Taldeak, azokaren antolatzaileak. Hainbat eta hainbat bidaiatan eraman ditu Gabinok rugbyko jokalariak, eta honen jarrera ona eskertu nahi izan du klubak omenaldi honen bidez.

Musikaren txanda ere izan zen atzokoan. Serious Business blues taldeak jarri zuen musika Munoako karpan.

Garagardo Azokak astelehenera arte jarraituko du martxan. 

Erlazionatuak

Hastear da XX. Garagardo Azoka

Aitziber Arzallus 2022 api 13 Zarautz