Lehia estua eta giro bikaina izan dira Asti futbol zelaian, III. Emakumezkoen Txapelketan

Aitziber Arzallus 2022ko api. 15a, 20:41

Infantil mailako nesken hamabi taldek parte hartu dute txapelketan. Reala izan da onena, Azpeitiko Lagun Onak taldea gelditu da azpitxapeldun, Goierri Gorrik egin du hirugarren, eta etxeko taldeak  laugarren postuarekin konformatu behar izan du.

Alebin mailako mutilen XVI. Jose Angel Iribar Txapelketa bukatu orduko, infantil mailako III. Emakumezkoen Txapelketari ekin diote Asti futbol zelaian. 15:00etan hasi eta 19:00ak bitartean, hamabi talde aritu dira nor baino nor: Zarautz (A eta B), Reala, Tolosa, Irungo Mariño, Azpeitiko Lagun Onak, Zumaiako, Arnedo, Goierri Gorri, Orioko, Debako Amaikak Bat eta Martutene.

Seiko bi multzotan banatuta hasi dute txapelketa, eta lehendabiziko kanporaketak gaindituta, lau talde onenek lortu dute finalderdietarako txartela. Zarautzi Realaren kontra jokatzea egokitu zaio orduan, eta beste partidan, Azpeitiko Lagun Onakek eta Goierri Gorrik neurtu dituzte indarrak. Bereziki estua izan da bigarren partida hori, markagailua hutsean zela bukatu dutenez, penaltietara erabaki behar izan baitute finalerako pasea.

Azkenean, Realaren eta Lagun Onaken artekoa izan da finala, eta Zarautzek eta Goierri Gorrik hirugarren eta laugarren postuetarako partida jokatu dute. Txapelketa Realarentzat izan da, azpeitiarrak azpitxapeldun gelditu dira, goierritarrak hirugarren, eta etxekoak laugarren.

Txapelketako jokalaririk onenaren saria, berriz, Goierri Gorriko Intza Arrondori eman diote, parte hartu duten taldeetako entrenatzaileek hala erabakita.

Aste Santuko futbol txapelketekin bukatzeko, bihar, infantil mailako mutilek XXIV. Gonzalo Urkia Txapelketa jokatuko dute leku berean. 09:00etan hasiko dute lehia hamabi taldek, hiruko lau multzotan banatuta. Talde hauek parte hartuko dute: Zarautz (A eta B), Reala, Andoaingo Euskalduna, Baztan, Elgoibar, Ondarroako Aurrera, Zumaiako, Donostiako Lengokoak, Lekeitio, Orioko eta Arnedo.

Oharra zarauztarrei

Bihar ere Astira jende ugari bertaratuko dela aurreikusten dute antolatzaileek, eta zarauztarrei eskatu diete oinez, bizikletaz edo urbanoan joateko partidak ikustera, aparkatzeko arazoak gutxitzeko helburuarekin.