Ana Galarraga: "Munstroa nor den? Barrura begiratu behar da erantzuteko"

Berria 2022ko mai. 19a, 09:00
Markinan eskaini zuten 'Frankenstein agurgarria' emanaldiaren une bat. (Argazkia: Urko Ansa)

Gutun bati buruzko gutuna, eta obrari eta haren egileari buruzko aldarria. Hori da, besteak beste, Frankenstein agurgarria. Galarragak eta Pettik ondua, Literaturian emango dute, hilaren 28an. Berria egunkarian egin diote elkarrizketa zarauztarrari.

Berberak dira ordukoak eta oraingoak: kezkak, galderak, munstroak eta erantzuleak. Ideia horien eta beste hainbaten inguruan harilkatu du Ana Galarraga Aiestaranek (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) Frankenstein agurgarria piezaren testua. Pettik musikatu ditu haren hitzak.

Gutuna hasten da: «Frankenstein agurgarria...». Nola segitzen du?

«Lehenik eta behin, barka atrebentzia, baina bizi ditugun garai nahasi hauek zuri hitz batzuk idazteko adorea eman didate. Espero dut, bihotzez, ondo hartzea eta gehiegi ez asaldatzea».

Gutun bati buruzko gutuna da?

Hori da. Izan ere, jendeak ez du ezagutzen Frankenstein obra. Jendeari iritsi zaion apurra zinemaren bidez iritsi zaio: irudia, munstroaren irudia. Eta badago gure emankizunean jatorrizko obraren aldarrikapena: liburu bat dela, gutun bat, protagonista Victor Frankenstein zientzialaria duena. Munstroak ez du izenik.

Jendeak munstroa ezagutzen du, baina ez liburua.

Eta forma aldetik gutun bat denez, koherentziagatik, jatorrizko hori aldarrikatzen ari naizenez, gutun bat da hau ere. Formatu horrek aukera ematen du norbaiti hitz egiteko, norbaitengana zuzentzeko, gerturatzeko, deitzeko.

Baina Frankenstein ez al zuen Mary Shelleyren senarrak idatzi?

Garbi daukat: Mary Shelleyren senarrak idatzi izan balu, ez genuke nahaste hori izango, eta egia ez genuke zalantzan jarriko.

Aldarri feminista bat ere badago atzean, beraz?

Bai, baina ez horretan bakarrik. Gogoeta asko harilkatzen dira, eta gogoeta horietako batzuk bultzada feminista hori dute. Testu bakarra sartu dut nirea ez dena: Virginie Despentesen hitzaldi baten zati bat. Egiten dudalako paralelismo bat liburuan agertzen diren kezkei eta gaur egungoei buruzkoa. Eta Despentesen hori itxialdi betean idatzita dago, eta munstroaz ari da.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.