Burdina burdinaren kontra Santa Marina jaietan

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 21a, 15:44

Zarauzko Santa Marina kalean antolatutako festek ez dute etenik. Gaur eta bihar ere ekitaldiz betetako egitaraua izango dute kaleko bizilagunek eta, oro har, bertaratuko diren guztiek.

Atzoko danborradak jende kopuru polita inguratu zuen; gaur, ordea, ajeagatik edo eguraldiak beste eginkizun batzuk egitera animatzen zuelako, ez zegoen hainbeste jenderik Santa Marina kalean. 

Kanpai errepikak eta suziriekin esnatu da eguna, eta goizean zehar txistularien kalejira ere izan dute kalean. Eguerdi partean balkoi apainduen saria eman dute. Antolatzaileen ustetan, Iera Arrietarena izan da balkoi dotoreena.

Balkoi honek irabazi du Balkoi apainduen saria.
 

Geroago, Helduentzako XI. Toka Txapelketa jokatu da. Bi txandatan bota dituzte burdinazko sei piezak, eta helburua aurrean zuten burdinazko xafla jotzea. Bi txandak amaituta, berdinketa izan da Antonio Amundarainen eta Ricardo Aizpitarteren artean. Berdinketa hausteko beste bi tiraldi egin dituzte, eta hor Amundarain izan da nagusi.

Arratsaldean jarraituko dute ekitaldiek. 17:30ean Kiki, Moko eta Moko pailazoen emanaldia izango da; 19:30ean Elektrotxufla elektrotxaranga saioa; eta eguna bukatzeko, 23:00etatik aurrera Fan&Go musika taldearen emanaldia.