Pagoeta Eguna izango da etzi

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 3a, 09:59
Normaltasunez ospatu zen azken Pagoeta Eguna, 2019an. (Lorentxo Portularrume)

Bi urteko etenaldiaren ondoren, ekaineko lehen igandea egun berezia izango da berriro zarauztar askorentzat. Tradizioari eutsiz, Pagoeta Eguna ospatuko da etzi, eta festa giroa izango da nagusi mendian goiz-eguerdi partean.

08:00etan, txistulariek kalejira egingo dute Zarautzen, eta 08:30ean Guria tabernaren parean jarri dute hitzordua mendira igotzen hasteko. 11:30ean meza izango da Pagoetako gurutzearen ondoan eta, jarraian, erromeria.

Pagoeta Mendizale Elkartekoek barra jarriko dute bertaratzen direnentzat, eta salda, txorizo egosia eta sagardoa hartu ahalko dira. Gomendatu dute edalontzia norberak eramatea etxetik.

Tradizio handiko eguna da Pagoetakoa Zarautzen. 2020an berreskuratutako bideo honetan ikus daiteke nola inguratzen zuen jendetzak gurutzea mezaren unean, 1979ko Pagoeta Egunean.