2022ko Zarauzko Triatloia

Antonio Benitok eta Helene Alberdik irabazi dute Zarauzko Triatloia

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 11a, 20:16
Helene Alberdi helmugara heltzean. (Amaia Urbieta Arruti)

Kirolari nahiz zaletu, jendetza bildu da gaur Zarautzen triatloiaren bueltan. Lehen aldiz irabazi du proba Alberdi zumaiarrak, eta "txikitako ametsa" bete duela dio. David McNamee izan da bigarren gizonezkoetan, eta Judith Corachan emakumezkoetan.

Indartsu itzuli da Zarauzko Triatloia bi urteko etenaren ondoren. Antonio Benito eta Helene Alberdi izan dira distantzia erdiko triatloi entzutetsua amaitzen lehenak gaurkoan, eta haien atzetik heldu dira David McNamee eta Leon Chevalier gizonezkoetan, eta Judith Corachan eta Justine Guerard emakumezkoetan. 

Benito helmuga zeharkatzen. (Amaia Urbieta Arruti)

Podiumean sartzea espero zuen arren, 2019ko garaile Corachanen aurretik geratzea ez zuen inondik inora espero Alberdi zumaiarrak. Igeriketa probaren amaieratik buruan izan da zumaiarra, eta Corachan eta Guerard une oro oso gertutik jarraika izan baditu ere, ez dute Alberdi aurreratzerik lortu. 04:30:14ko denboran amaitu du proba, eta minutu eta hamabost segundora zeharkatu du helmuga Corachanek. Hunkituta agertu da zumaiarra helmugan, eta "asko sufritu" duen arren, Zarauzko Triatloia irabazita "txikitako ametsa" bete duela azaldu du.

Gizonezkoetan estuagoa izan da lehia. Francesc Godoy izan da lehena uretatik ateratzen, baina txirrindularitza proban Chevalier izan da nagusi McNamee atzetik zuela, eta oso gertutik jarraitu die biei Benitok bizikletaz. Korrikako proban Antonio Benitok guztiak aurreratzea lortu du, eta espainiarra izan da helmugaratzen lehena, proba 03:56:44ko denboran amaituta.

Lehenengo zarauztarra, berriz, Iñigo Eizagirre izan da. Gutxi gorabehera aurreikusitako denboran amaitu du proba zarauztarrak, eta lanak gustura egin dituela adierazi dio Zarauzkohitza.eus-i.

Lotura hauetan daude ikusgai triatloiko argazki galeriak: